Teknologia albisteak

Ikasten.net: Euskarazko ikastaroak online

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-10-06 : 10:10

Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak Ikasten.net aurkeztu du. Sarean eta doan euskara ikasteko baliabidea.

Ikasten.net euskara ikasteko baliabide didaktiko berria da, Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa sailak sareratu duena.

Lehendik ere badira euskara ikasteko beste baliabide batzuk HABEren esku. Ekimen berri honek aurrekoen osagarri izan nahi du, ikaskuntza ofizialetik kanpo, mundu guztiko edozein herritarri euskara ezagutzeko eta ikasteko aukera emanez.

Ikaskuntza-metodoa erabat online da, euskara ikasteko interesa duten pertsona helduei zuzendua, eta munduko edozein lekutara helarazteko diseinatua. Eskakizun bakarra da, ordenagailua eta konexioa izatea. Erabiltzaileek, euskara ikasteko orduan, ingelesezko azpiegitura edo gaztelaniazkoa aukeratu ahal izango dute (eta maila batetik aurrera baita euskara ere).

Ikastaroak 60 unitate ditu, ataletan banatuta eta hainbat jarduerarekin. Horrez gain, 12 errepaso-unitate eskaintzen ditu, ikasitakoa errepasatu eta finkatzeko. Edukien artean audioak, bideoak, hutsuneak betetzeko jarduerak, aukera anitzekoak, hitzak lotu edo sailkatzekoak, eta abar aurkituko dituzu.

Ikastaroan izena ematea doan da, oraingoz. 2009. urtetik aurrera, gainera, tutoretza zerbitzua ere eskainiko omen da.

Ikastaroak Ikasten.net helbidean egingo dira, baina aldez aurretik izena eman behar da hiru.com atarian (Eusko Jaurlaritzaren Etengabeko Ikaskuntzaren webgunea).

Euskara ikastaroez gain, Hiru.com webgunean atzerriko hizkuntzak ikasteko aukera ere badago, E-lea programaren bidez. 45 euroko lizentzia ordainduta 4 hizkuntza ikasteko aukera dago: ingelesa, frantsesa, alemaniera eta italiera.

Erantzun

Sartu