Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ikasleentzako lehiaketa honek Lehengaia izango du ardatz, eta ikasleak Lurra salbatu behar duten superheroi bihurtuko dira. Zientziaren Astearen barruan antolatu dute ekimen hau Elhuyar Fundazioak, Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsite eta Ikerketa sailak.
Elhuyar Fundazioak, Innobasquek eta Eusko Jaurlaritzaren Hezkuntza, Unibertsitate eta Ikerketa Sailak Teknoskopioa 2008 gazteentzako ideia-lehiaketa jarri dute abian. Hiru erakundeek elkarlanean antolatutako lehiaketa hau Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astearen barruan kokatzen da azaroaren 10etik 16ra ospatuko da aurten, eta Lehengaia izango du ardatz. Lehiaketaren helburua da zientzia eta teknologiarekiko zaletasuna eta jarrera ekintzaileak sustatzea gazteen artean, eta ikasleak motibatzea. Horregatik, lehiaketak irauten duen bitartean, gazteak ikertzaile, asmatzaile eta sortzaile bihurtuko dira.
Teknoskopioan, hamalau urtetik hemezortzira bitarteko neska-mutilek har dezakete parte, gehienez hiru laguneko taldeetan antolatuta. DBHko bigarren zikloko, Batxilergoko eta Lanbide Heziketako ziklo ertaineko ikasketak egiten ari diren ikasleentzat prestatutako lehiaketa da, eta aurtengoa bosgarren edizioa du. Edizio honetan, superheroi bihurtuko dira parte-hartzaileak: mundua salbatuko duen superheroi baten azalean jarri beharko dute, eta superheroi horren bloga sortu. Superblog horretan, superheroiak mundua salbatzeko bizi izan dituen ekintzak eta abenturak kontatuko ditu. Lantzen dituzten ideietan, azaldu beharko dute nola egin dien aurre superheroiak proposatzen diren egoera edo mehatxuei, eta zer ideia otu zaizkion arazoak konpontzeko.
Ideia-lehiaketa honi buruzko informazio guztia www.zientzia.net/teknoskopioa web gunean dago. Web gune horretan, lehiaketaren xehetasunak aurkitzeaz gain, antolatzaileek berariaz prestatu duten Lurreko biziari buruzko informazio lagungarria ere aurkituko dute parte-hartzaileek. Gainera, aurreko edizioetako probak ere badaude web gune horretan.
Blogak urriaren 31 arte landu ahal izango dituzte gazteek, eta sari-banaketa Zientziaren, Teknologiaren eta Berrikuntzaren Astean izango da. Talde irabazleak bideokamera bat jasoko du eta bigarren eta hirugarren postuan sailkatzen diren taldeek argazki-kamera digital bana jasoko dute, Eroski Fundazioaren babesari esker.
Erantzun
Sartu