Ametsak, desirak, fantasiak
Zuzendari biek egin dituzte gauza onak lehendik ere, eta kalitatearen gorakada batekin amaitzeko esperantza genuen ikusleok; alabaina, amets eta desiren inguruan eraikitako bi pelikula hauek erdibidean gelditu ote diren sentipena daukat nik behintzat.
Allen porteño bat?
Hiru seme-alabak ikastera kanpora doazenean, hutsik gelditzen da Leonardo eta Martaren etxea; Martak gaztetan utzitako ikasketei heltzen die berriro, eta bizitza sozial oparo samarra du; Leonardo idazlea, berriz, bere baitan bildu eta desira nahasien erdian bizi da: seme-alabekiko kontaktuari eutsi nahi lioke, emaztearen interesa berreskuratu, maitasun berri bat esploratu...
Adin ertainari omen dagokion krisi hainbeste aldiz aztertua daukagu, batetik, eta sorkuntza-krisia, bestetik. Indartsu hasten da filma, pertsonaien eretratuak trebeki marraztuz eta ironia dexente erabiliz, Buenos Airesera aldatutako Woody Allen bat ari balitz bezala. Aurrera egin ahala, ostera, norabidea galdu egiten du zuzendariak, eta Israelera egindako bidaiak, Itsaso Hileko irudi eta metafora eder bat oparitu arren, ez ditu gauzak nahastu besterik egiten. Nahi, baina ez.
Ametsik ez lorik gabe
Kim Ki-duk film guztiz ikusgarrien egilea da, non estetizismoa eta biolentzia besarkatzen diren irudi txundigarrietan ("Uhartea", "Arkua", "3-Iron", "Time", "Udaberria, uda, udazkena, negua... eta udaberria"). Oraingo honetan, bere ezaugarri horiei eusten die, baina emaitza besteetan baino kaxkarragoa dela esango nuke.
Planteamendu harrigarria du, ohi bezala: gizonezko gazte batek (Jin), ametsetan, kotxe bat jotzen du bere autoaz; izerditan esnatzen da, ametseko lekura doa, eta istripua zinez gertatu dela ikusten du; poliziaren ikerketak Ran izeneko neska gazte bat egiten du erruduna, eta aurki ohartuko gara gizonak amestutakoa andre sonanbuluak gauzatzen duela, oharkabean.
Elkar hartzen dute Jin eta Ran-ek zoritxar gehiago gerta ez dadin, baina gauzak konplikatu egingo dira, eta zaila da zinez logurari eustea.
Abiapuntuko egoera muturreraino eramango du zuzendariak, fantasiazko labirinto bihurri batean bezala, autosuntsipenezko zorabio batean amaitu arte. Irudi ederrek justifikatzen ez duten sadismo-ariketa, nire irudiko.
Erantzunak kargatzen...