Teknologia albisteak

XV. CAF-Elhuyar zientzia-dibulgazioko sariak abian dira jada

Erabiltzailearen aurpegia
Izaro Aizpurua - Elhuyar Fundazioa
2008-09-25 : 18:09

Urtero legez, CAF enpresak eta Elhuyar Fundazioak CAF-Elhuyar sariak jarri dituzte abian, XV. edizioa jada. Aurtengo ekitaldian hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezia egongo dira jokoan; eta guztira 4.200 € banatuko dira saritan.

Zientzia-dibulgazioko XV. CAF-Elhuyar Sariak abian dira jada. Aurtengo sariketan, dibulgazio-artikulu hoberenak saritzeko hiru sari nagusi eta gazteentzako sari berezi bat egongo dira jokoan: lehen sarituak 1.200 € eskuratuko ditu; bigarrenak, 800 €; eta hirugarrenak, 600 €. Gainera, 25 urtetik beherako egileentzat bada beste sari bat ere: 400 €-ko saria artikulu onenari.

Lanak jasotzeko epea 2008ko abenduaren 1ean (egun hori barne) amaituko da, eta egileek Elhuyar Fundazioaren Usurbilgo egoitzara bidali beharko dituzte beren artikuluak. Aurkeztutako lanak zientziaren eta euskararen alorrean eskarmentu handia duen epaimahai batek aztertuko ditu, eta hark erabakiko du zein diren XV. CAF-Elhuyar sarietako irabazleak. Irabazleen izenak 2009ko martxoan emango dira ezagutzera.

Sariketa honetarako oinarriak www.zientzia.net web gunean ikus daitezke dagoeneko. Web gune horretan, aurreko edizioetako lan irabazleak ere ikus daitezke.

XV. CAF-Elhuyar sariek Eusko Jaurlaritzaren Hizkuntza Politikarako sailburuordearen 2008ko Euskalgintza deialdiaren diru-laguntza jaso dute.

CAF-ELHUYAR sariak direla eta Beasaingo CAF enpresak babesturik, zientziaren dibulgazioa sustatzeko sariak sortu zituen Elhuyarrek duela hamalau urte. Erronka hari tinko eutsiz, 1994az geroztik urtero antolatzen dira zientzia-dibulgazioko CAF-Elhuyar sariak. Ehunka zientzialarik eta idazlek beren lanak argitaratzeko aukera aparta dira sariok, lortu duten oihartzunak erakusten duenez.

Erantzun

Sartu