Teknologia albisteak

Familia zoriontsuaren bila

Erabiltzailearen aurpegia
xme - Sustatu
2008-09-25 : 17:09

Egia da, antolakuntzatik abisatu zuten bezala, familia dela zinemaldi honetako film askoren ardatza edo puntu komuna. Halaxe izan da ostegun honetan sail ofizialean eskaini diren bietan: "Camino" Javier Fesser espainiarrarena, eta "Maman est chez le coiffeur" (Ama ileapaindegian da) Léa Pool quebectarrarena.

Camino 11 urteko neskato alai, polit eta bihotz handikoa da; baita Escribá de Balaguer-en liburu ezagunenaren izenburua ere; izan ere, Opus Dei-ko kideak dira bere etxean, edo ama behintzat, sutsua gainera, eta ahizpa zaharragoa ere Obra-ko kide numerarioa izateko bidean da. Camino (Nerea Camacho neskatoak egundoko lana egin du) gaixo dago, bizkarreko minez, baina bere sufrimendua Jainkoari eskainiz eusten dio, ezinduta geratzen den arte: bizkarrezurreko minbizia duela konturatuko dira orduan, eta hilabete gutxitan hilko da, Iruñeko Klinika Unibertsitarioan.

Horra, labur kontatuta, pantailan ia bi ordu eta erdi irauten duen istorioa, beatifikazio-prozesuan den egiazko kasu batean oinarritua. Halakorik espresuki aipatzea arretaz saihestu duten arren, Opus Dei-ren jokabide manipulatzaile eta bizitzaren ikuspegi integristaren kontrako eraso bortitz eta birrintzailea da pelikula. Salaketatik harago, baina, bizi-gogoz gainezka dagoen haur baten agonia dramatikoa ikusiko dugu, artistikoki indartsua eta giza ikuspegitik zirraragarria. Zuzendariaren aurreko lan umorezkoen aldean ("El milagro de P. Tinto", "Mortadelo y Filemón") desberdina eta koska bat gorago dagoena. Gomendatzeko modukoa.

Aldameneko belardia beti berdeago

Quebec-en gaude, 60ko hamarkadan; oporrak hasi dira, eta denek zoriontsuak dirudite protagonisten familian. Biologoa da aita, kazetaria ama, etxe polit bat daukate, hiru seme-alaba eder... Alabaina, senarraren sexu-aferen berri izatean, emazteak ezin jasan eta alde egingo du etxetik. Elise alaba nerabeak hartuko du, nola edo hala, etxeko ardura, baina ez zaio erraza.

Amaren ihesa ezkutatu egin nahi dute etxeko guztiek, lotsaz edo, baina apurka konturatuko dira aldameneko familia guztietan ere zakurrak oinutsik dabiltzala. Desegituratua izanda ere, familiaren instituzioak beharrezkoa izaten jarraitzen du, ordea, batez ere babesik gabeak zaintzeko.

Film samur bat egin du Léa Pool-ek, ez gozokerian ez garrazkerian jausi gabe, baina zer kontatu nahi duen garbi ez baleuka bezalako inpresioa eragiten dio ikusleari, esku artean daukana erabat biribildu ezinik.

Erantzun

Sartu