Teknologia albisteak
1

Elhuyar Fundazioak Elhuyar Ikaslearen Hiztegia argitaratu berri du

Erabiltzailearen aurpegia
Izaro Aizpurua - Elhuyar Fundazioa
2008-09-23 : 11:09

Elhuyar Fundazioak Elhuyar Ikaslearen Hiztegia-ren hirugarren argitalpena argitaratu berri du, liburu formatuan eta CD-ROM euskarrian, eta biak batera salduko dira. Hiztegia Donostiako Liburutegi Nagusiko sotoan, Bilboko Fnac-en eta Iruñeko Elkar dendan aurkeztu zuten pasa den astean zehar, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Elixabete Etxeberria hiztegiaren zuzendariak.

Aurkezpenetan azaldu zutenez, hiztegia hezkuntza-prozesuan diharduen ikasleari begira egin da. Hiztegi berri honek 28.100 hiztegi-unitate, 39.300 adiera eta 19.000 adibide biltzen ditu. Gainera, hiztegi-artikuluak eduki berriz hornitu dira argitalpen honetan: ohiko kategoria, definizio, adibide eta oharrez gain, 8.100 sinonimo eta antonimo, 1.025 gramatika-ohar eta irudiz edo gramatika-taulaz osatutako 455 hiztegi-unitate jasotzen ditu hiztegiak. Obra honek, amaieran, aditz-taulak eta deklinabide-taulak biltzen dituen eranskina eta munduko estatuen izenak, hiriburuen izenak eta herritarren izenak jasotzen dituen eranskina ere baditu. Argitalpen hau eguneratzeko garaian, corpusak, testuliburuak eta beste hainbat iturri izan dituzte ezinbesteko tresna, besteak beste: XX. mendeko euskararen corpus estatistikoa, Zientzia eta Teknologiaren corpusa, Ereduzko prosa gaur corpusa eta Euskalterm Terminologia Banku Publikoa. Horrez gain, DBHrako argitaratutako testuliburuak arakatu dituzte, eta Euskaltzaindiaren Hiztegi Batua-ren azken eguneratze-lanak ere jaso dituzte hiztegian.

Nobedade garrantzitsu bat ere bada, hiztegia liburu formatuan argitaratzeaz gain, CD-ROM euskarrian argitaratu izana. Gaur egungo ikasleak eta irakasleak ezin irudika ditzakegu ordenagailurik gabe, hain oinarrizko bilakatu den tresna hori gabe. Ildo horretatik, hiztegia formatu klasikoan argitaratzeaz gain, CD-ROM euskarrian argitaratzea ere beharrezkoa ikusi zen. Erabiltzaileak informazio bera aurkituko du bi euskarrietan. Hiztegia dagoeneko euskaragarri dago liburu-denda nagusietan eta www.elhuyar.org/denda web gunean.

Elhuyar Ikaslearen Hiztegiak Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailaren IKT 2008 deialdiko diru-laguntza jaso du.

Erantzunak

Sigi
2008-09-23 : 17:17

Zein da notizia, Elhuyar fundazioak hiztegia argitaratu duela, ala argitaratu BERRI duela?



Uste dut fetitxe bihurtu dugula esamolde hori, eta ez dakit ondo erabilita dagoen tituluan. Nik baino gehiago dakien batek, otoi, argi ditzala nire zalantzak...

Erantzun

Sartu