Teknologia albisteak

Bisitatu Huarte zentroa Uharten

Erabiltzailearen aurpegia
Luistxo Fernandez
2008-09-10 : 10:09

Huarte Arte Garaikideko Zentroa Iruñea inguruan eraikitako kulturune handi bat da. Guggenheim efektuaren ondoren, hiri bakoitzak behar du bere esposizio areto handia edota kulturune modernoa... Biak batean, edo banatuta. Horrela Bilbon ditugu Guggenheim eta Euskalduna Jauregia. Gasteizen Europa jauregia eta Artium. Donostian Kursaala eta Tabakalera. Eta Baionan... ez dakit. Iruñean, Baluarte dago, eta apur bat aldenduta hiritik, Huarte Zentroa. Hemendik igaro nintzen planifikatu gabe oporretan, eta gomendatzeko modukoa iruditu zait.

Huarte zentroa Uharten dago, Iruñeko inguru metropolitanoan. Herriaren izen euskaldunak tartekatua du H-a, baina badirudi erakundearen izenean hasierako H-rekin dela, gaztelaniazko herri-izena bezalaxe. Eraikina bera handia eta ikusgarria da. Kaaba gogoraratzen dizu, kubo beltza baita nagusiki. Belztasun itxia lehen solairuko kristalak eta berdeak, inguruko sareak eta lurrazpiko ageriko solairuak apurtzen dute. Dotorea iruditu zitzaidan, baina nonbait herrian ez omen daude denak gustura. Hiru arkitekto katalanen sinadura du etxeak: Franc Fernandez de Eduardo, Carles Puig eta Xavier Vancells.

Iaz ireki zutenean sarrera kobratzen zuten. Baina jada ez. Eta barruan, argazkiak egiten uzten dizute. Beste toki batzuen itxikeria astunarekin alderatuta, asko eskertzen da. Edukiei dagokionez, badirudi erakusketa epustuflanteetarako dedikatu behar direla. Modernokeriak. Ustezko mezu sozialekin gauza harrigarriak egitean datza gaurko artea, itxura batean. Barregarriak ere badirudite artelan hauetariko askok, baina ez dut uste hori txarra denik: gora dibertsioa eta entretenimendua.

Arte mota horren erakusgarri, hiru erakusketa deigarri daude irekita orain Huarte zentroan. Irailaren 28a arte hiruak.

Aprobetxatu, eta egin bisita. Argazki batzuk hemen eta erakusketa horien inguruan dudan iritzia, nire blogean argitaratu dut.

Erantzun

Sartu