Teknologia albisteak

Munduko xakelari onenak Bilbon

Erabiltzailearen aurpegia
Mikel Larreategi - CodeSyntax
2008-09-02 : 10:09

Munduko xakelari onenak bilduko dituen xake txapelketa jokatuko da gaurtik eta datorren irailaren 13ra arte Bilboko Plaza Berrian. Bai, arraroa dirudien arren, kalean jokatuko da txapelketa, zarataren aurka isolatutako kristalezko urna baten. Bertan izango dira Nazioarteko Federakuntzaren rankineko lehenengo 8 postuetan dauden jokalarietako 6, euren artean egungo Munduko Txapelduna, Vishwanatan Anand indiarra.

Grand Slameko Final hau, azken lau urteotan Bilbon antolatu dituzten Txapelketa handietan handiena izango da. Atzean geratuko dira pertsona eta ordenagailuen arteko match-ak, Veselin Topalov eta Judit Polgarren Guggenheimen jokatutako itsukako partidak, edo iaz Sheraton-en jokatu zuten Itsukako Munduko Kopa. Antolakuntzak dioenez 22 kategoria lortuko du txapelketa honek, sekula lortu den kategoriarik altuena.

Argazkia astelehenean egin zen egutegiaren zozketakoa da. Athleticen Ibagiganeko egoitzan egin zen zozketa, eta Susan Polgarrek egina da. Ageri direnak ezkerretik hasita: Aronian, Carlsen, Radjabov, Ivanchuk, Anand eta Topalov.

Munduko emakumezko xakelari onenetakoa da Susan Polgar; onena rankinean, une honetan, bere ahizpa Judith da. Eta hain zuzen ere, Susan Polgar bere blogaren bitartez ari da jarraipena egiten, oso jarraipen interesgarria. Hemen Bilbokoaz idatzi dituenak oraingoz, argazkiz ilustratuta gainera.

Webgunea: Bilbao Final Masters

Erantzun

Sartu