Sustatu logoa Teknologia albisteak

Windows Vista eta Office 2007 euskaraz

Miramongo Parke Teknologikoan egin den ekitaldi batean aurkeztu ditu Microsoftek bere produktu berriak.

Lokalizazioa osorik Microsoftek finantziatu du, Windows XP-ren kasuan gertatu zen bezala. Egin, Elhuyar Fundazioak egin du, nahiz eta gaurko ekitaldian ez duen inork aipatu. Eusko Jaurlaritzak hizkuntza-zuzentasunaren bermea eman du, ez dirulaguntzarik. Gaurko ekitaldia, HPSko lagun batek esan didanez, erdibana zegoen antolatua Microsoft eta Jaurlaritzaren artean. Horrez gain, HPSk bere irudia (Ukan birusa) erabiltzen utzi dio Microsofti lokalizazioaren zabalkunderako.

Zabalkunde hori ez omen da izan oso sakona Windows XP-ren kasuan. Rosa Garcia Microsoft Españako presidenteak esan du 50.000 deskarga egin zirela haren language pack-arena. Hortaz, orain hori gainditu nahi dute eta horregatik Egin klik euskarari kanpainari. Zera da kontua: deskargak sustatzeko, maratoiko partehartzaile gisa eman dezakezu izena, eta kode bat emango dizute. Beste batzuk deskarga egitera animatzen badituzu, kode hori emaiezu, eta haiek deskargatzen dutenean zure kodea eman ahal izango dute. Horrela, deskarga gehien nork eragin edo gomendatu dituen ikusi ahal izango da, eta sei saiatuenentzat sariak egongo omen dira.

Microsoft-en kanpainaren URLa hau da:

www.microsoft.es/eus

Eta deskargatu daitezkeen euskarazko lokalizazioen URL finalak hauek:

Promoziorako beste bidea da hiru enpresarekin lortu den akordioa: HP, Dell eta Inves/Investronica enpresek salduko dituzten ordenagailuetan euskarazko paketeak aurrez instalatuta egongo dira Windows Vistaren kasuan, erabiltzaileari lanak aurreratzeko. HP eta Dell munduko PC ekoizle handienetakoak dira, eta Inves enpresa espainiar bat, El Corte Ingles taldekoa.

Rosa Garciak esan du, Windows Vistaren legezko erabiltzaileek (usuarios legales) instalatu ahal izango dutela euskarazko lokalizazioa. Ez dakit zer gertatzen den bertsio pirata baduzu sistema eragilean edo Office ofimatika paketean. Windows Vista sistema eragileak ez du irudi onik, eta salmentetan ere ez dabil oso fuerte. Windows-en zaleen artean ere, XP aurreko sistemak prentsa hobea dauka.

Nik ez daukat eskura ditudan ordenagailuen artean Vista duen bat bera ere, eta hortaz, ezin dizuet esan nola geratzen den euskaraturik. Gaur erakutsi dizkiguten pantaila-irudietan, Word eta Excel oso txukun agertu dira euskaratuta, baina Outlook ireki duenean Microsofteko batek, datak gaztelaniaz agertzen ziren, eta beste zenbait gauza ere bai.

Argazki pare bat atera dizkiot pantaila handiari, eta bietan Outlook ageri da akats horietako batzuekin (ez dut nahita akatsen irudia atera nahi izan, kasualitatez, aukera izan dudanean hori zegoen, eta horrela gertatu da, gero konturatu naiz erroreez).

Windows erabiltzen baduzu, pakete hauek instalatzeko gomendatuko nuke. Interfaze euskaldun batekin, txukunago getratuko zara. Batik bat, gaur kanoiak-eta erabiltzen ditugularik, zenbat euskal ekitalditan ikusten dugu erdarazko INICIO itsusi hori gauza bat edo bestea aurkeztu behar zaigunean... Erraz zuzendu daiteke hori pakete hauek instalatuta.

Beste kontu bat da apostu estrategiko gisa Microsoftena baino, beste batzuk ez ote diren komeni gehiago. Nik pertsonalki uste dut Extremadurako politika teknologikoa, software librearen aldekoa, hemengo Jaurlaritzarena baino hobea dela. Microsoftek bere kasa bere sistemak euskaratzen baditu, ba bale, poztekoa da, instalatu eta erabil dezagun, eta egin biezaio txalo eta eskerron adierazpena Jaurlaritzak. Baina hau zergatik den honela ere ez dezagun ahantz: euskal administrazioek beren lizentziatara lotuta ikusi nahi ditu Microsoftek etorkizunean ere, orain arte bezala. Eta hor dago koxka, bai hizkuntzaren ikuspuntutik, zein teknologiaren edo ekonomi sustapenarenetik, administrazioaren software librearen aldeko apostu garbi bat hainbat hobe litzatekeela orain bizi dugun morrontza teknologiko eta ekonomiko garesti hau baino.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu