Sustatu logoa Teknologia albisteak

Hemen dago Firefox 3 euskaraz

Sustatu
2008-06-18 08:06

Inoiz sortu den Firefoxik onena. Firefox 3 inoiz baino bizkorragoa, seguruagoa eta adimentsuagoa da. Hemendik jaitsi daiteke. Adi helbide barra adimentsuari, benetan praktikoa da. Eta euskaraz bertsio osoa lehen egunetik, Librezale elkarteari esker. Eta gogoratu, euskarazko Firefox izateaz gain, inportantea dela nabigatzailearen hizkuntza lehenetsia euskara izatea, ez baita gauza bera!

Bai, izan ere, nabigatzailearen menuak hizkuntza batean edo bestean egon daitezke, eta, hala ere, hizkuntza hobespenetan beste bat egon daiteke. Izatez, Sustatu bisitatzen duten pertsonarik gehienek gaztelaniaz dute konfiguratuta nabigatzailea, dudarik gabe euskaldunak diren arren.

Kontu garrantzitsu hau aipatu zuen atzo Euskadi Irratiko tertulia batean Mikel Irizarrek, eta eskertzen diogu. Hortaz, zera da egin behar duzuna Firefox berria benetan euskaraz egokituta daukazula konprobatzeko.

  1. Behin instalaturik, goiko Tresnak menuan Aukerak aukeratu.
  2. Irekitzen den leihoan, Edukia aukeratu.
  3. Hizkuntzak dioen alorrean, Hautatu klikatu.
  4. Hizkuntza bat edo batzuk agertuko dira, ordena jakin batean. Euskara badago haietan lehena, ondo dago. Bestela, euskara Goruntz eraman lehena gera dadin. Agerian dauden hizkuntzen artean ez badago euskara, beheko menuan (Aukeratu nahi duzun hizkuntza) aurkitu eta gehitu, eta gero Goruntz eraman lehena geratu arte.
  5. Egina. Akaso pantaila irudi honek lagunduko dizu, hor agertzen direlako hemen goian azaldutako urratsak.

Errekor saioa

Gogoratu, atzoko gorabeheren ondoren, gaur 19.00ak arte da deskarga errekor hori egiteko aukera.

Informazio gehiago Spread Firefox webgunean.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu