Teknologia albisteak

Galeusca Federazioa, idazle elkarteen koordinaziorako

Erabiltzailearen aurpegia
Hasier Rekondo - Euskal Idazleen Elkartea (EIE)
2008-06-12 : 14:06

Idazle katalan, galego eta euskaldunen elkarteek Galeusca Federazioa sortuko dute datorren igandean, hilak 15, Pobleten. 1984an Pobleten (Herrialde Katalanak) sinatutako "Pobleteko Manifestuaren" 25. Urteurrena ospatzen dela, hiru elkarteotako bazkideek Batzar Nagusietan onartutako tresna juridikoa sortuko da koordinazioa eta ekimen bateraturak bideratu xedez.

2008ko ekainaren 15eko ekitaldia akordio horren isla izango da eta Galeusca topaketen XXV. Urteurrenarekin egingo du bat.

Ekitaldiaren egitaraua

EGUNA: EKAINAK 15/JUNIO 15
ORDUA: 12:00h.
TOKIA: Terradellas Patronatoaren aretoa (Palau de l'Abat)

EKITALDIAREN IREKIERA: Pobleteko abatea edo komunitateko ordezkariren batek hitz egingo du.

ELKARTE BAKOITZEKO ORDEZKARIEN HITZALDIAK

(25 urte direla, Galeuscaren sorkuntzan izan ziren idazleak, 5 minutu pertsona bakoitzeko)

  1. Idazle Galegoen Elkartea: Xosé Estévez
  2. Euskal Idazleen Elkartea: Txillardegi (Jerardo Elortzak irakurriko du testua)
  3. Idazle Galegoen Elkartea: Ignasi Riera

HIRU ELKARTEETAKO LEHENDAKARIEN HITZALDIAK

(Lehendakariek federtazioaren etorkizuneko ildoetaz jardungo dute)

  1. Idazle Galegoen Elkartea: Cesáreo Sánchez Iglesias
  2. Euskal Idazleen Elkartea: Fito Rodríguez
  3. Idazle Katalanen Elkartea: Guillem-Jordi Graells

AKTAREN SINADURA

Hiru elkarteen hizkuntzetan eta gaztelaniaz sinatuko da

Jarraian, Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakari Fito Rodriguezen artikulua

Zenbait kabala idazleon efemerideaz

Hirurogeita hamabost urte badira Espainiako estaturik gabeko hiru nazioek “Itun Hirukoitza” Bartzelonan iragarri zutenetik.

Duela hirurogeita bost urte, berriz, eta Espainiako Errepublikak gazteleraz besteko kulturei eskaini zien begirune urriaz eskarmentaturik, Galeusca izena eman zion Telesforo Monzonek galego, katalan nahiz euskaldunon berariazko elkartzeari, uda hartan Galiziako Santiagon partaide guztiek onartu eta sinatutako izendapena.

Bi urte ondoren, eta Eduardo Pondal poeta galegoaren jaiotzatik ehungarren urteurrenaren karira, Lauaxetak aipatu hiru hizkuntzetako idazleon arteko elkarlanerako deia zabaldu zuen. Franco hil eta gero, hiru kulturetako idazleok Pobleteko Galeusca berreskuratuan berriro biltzen hasi ginenetik mende laurdena igaro da dagoeneko, Euskal Idazleen Elkarteak bere sorrera gogorarazteko aurten ospatzen ari den efemeridea bera.

Ephemeris/idos adierazpena dugu, hain zuzen ere, greziar zaharrek eman zigutena egunerokoa edo egunkaria izendatzeko…edo, egunoro gogoratu beharko genukeena azaltzeko, hobeto esanda. Berau dugu aurtengo Galeuscan jorratzeko aukeratu den ikergaia: norberaren izaera idazten duten dietarioak.

Baina ekainak hamabost egiten dituen honetan, orduko Poblet monasterioan bertan berriro ere elkarturik, hiru hizkuntzetako idazleok izaera komun gaurkotua aldarrikatu nahi dugu, Monzonen garaiaren antzera, kultura denak berdindu nahi dituen Espainiako Estatuan. Elkarren artean baina bakoitza beretik, izaera juridiko berri honekin egunero gure berezko nortasuna idazteari jarraitzeko indar metaketa areagotzen joango garelakoan gaude. Jadanik bost urte pasa dira “memoriak ” gaia ere aztertzeko Gernikan batzartu ginenetik. Haren ondorioz argitaratutako liburuan Kirmen Uribek izkiriatu zuen (…) “ Hizkuntza batek ez daki onaren eta txarraren berri…Hizkuntza batek ez du inor hiltzen, batu egiten gaitu…baina hori bai, hizkuntza bat hil egiten da” (Galeusca. Pamiela. 196.or.)

Ildo beretik idatzi du Abelin Linazisorok “Guk aspaldi ikasi genian lezio hori. Euskara kulturarekin, euskaldunon memoria historikoarekin eta nazio ideiarekin ez badugu lotzen, zer arrazoi egon daitezke euskaraz aritzeko?” ( in Odriozola, J.M. Abertzaleak eta euskara . Elkar. 136. or.)

Berriki Iñigo Aranbarrik zioen: “Euskal Herria inoiz egingo baldin badugu, sare kultural sendo batetik sortuko da ” ( Argia 2.140; 14 0r.) Horra, horrenbeste urte pasaturik, gure Galeusca gaurkotua, izaera juridiko bateratua emango diguna. Sare kulturala landu eta erabili nahi dugulako gu bezalako arazoak dituzten kulturekin. Historikoki gertuen dauzkagun hizkuntzak. Beraz, Euskal (EIE), Galiziar (AELG) eta Kataluniar Idazleen Elkarteak (AELC) GALEUSCA IDAZLEEN ELKARTEEN FEDERAZIOA sortzea deliberatu dugunez, nortasun eta erabateko gaitasun juridikoa izango du hemendik aurrera kataluniar, galiziar eta euskal idazleak ordezkatzeko, sustatzeko eta defendatzeko; bazkide dituenen ekintzak koordinatzeko, eskubide profesionalen defentsan eraginkortasun handiagoa izateko, modu bateratuan aritzeko, maila autonomikoan zein europarrean, administrazio publikoko erakundeen nahiz erakunde pribatuen aurrean, normaltasuna bultzatzeko literaturan, adierazpen eta euskarri desberdinetan, idazlearen lanbidean, eta aipatutako hizkuntzen erabilera sozial edota sorkuntzan sustapen politikoak eragiteko, loturak bultzatzeko idazleen interesak ordezkatzen dituzten Federazio edo Elkarteekin, eta baita literatur ekoizpena bere alderdi guztietan zabaltzeko eta komunikatzea ahalbidetzen dituzten enpresa edo agenteen Federazio eta Elkarteekin harremanetan jartzeko ere.

Federazio honi esker, bada, hiru elkarteak ordezkatuta egongo dira Estatuko nahiz Europako edozein erakunderen aurrean, publikoa nahiz pribatua izan. Honek ahalbidetuko du, adibidez, Espainiako Kultur Ministerioaren aurrean hiru elkarteek ordezkatuko dituen mintzakide bakar bat izan dezatela, nortasun juridiko bakarra eta alderdi juridikoan erabateko gaitasuna duen batekin (hitzarmenak sinatzeko, dirulaguntzak jasotzeko, idazleen lanbideari buruzko arauak negoziatzeko etab.).

Aipatutako helburu horietarako, honako jarduerak egingo ditu Federazioak: Alde batetik, hizkuntza ezberdinak eta genero eta euskarri desberdinetan egindako literatur ekoizpena zabaltzea eta sustatzea. Bestetik, gai profesionalei buruzko ikerketa eta heziketa programak garatzea eta azterketa monografikoak enkargatzea. Honetaz gain, biltzarrak, mintegiak, ikastaroak, erakusketak eta beste jarduera kolektibo batzuk antolatzea. Eta azkenik, agiriak, azterlanak eta zabalkuntza lanak argitaratzea eta erakunde publiko nahiz pribatuetan parte hartzea. Azkenik eta gero, Federazio honek erabateko nortasuna emango dio orain arte batzar “informal” bat zen GALEUSCAri. Abiatzen den unetik bertatik, osatzen duten elkarteei ordezkaritza emango die, nork bere burujabetzarik galdu gabe, eta orain arte heldu ezin ziren erakundeetara iristea erraztuko die. Aldi berean lagungarri izango da informazioa eskuratzeko, jarduera bateratuak bultzatzeko eta oro har kudeaketa ekonomiko zein administratiborako baliagarria izango delakoan sinetsirik gaude.

Arestian esan bezala, hirurogeita hamabost urte badira Espainiako estaturik gabeko hiru nazioek “Itun Hirukoitza” Katalunian iragarri zutenetik eta, oraingo honetan, Poblet monasterioan sinatutakoarekin, ezin esan ospakizun hutsa egiten dugunik.

Aitzitik, idazketak, berriz ere, efemerideak efimeroa gainditzeko balio duela erakutsiko baitu.

Fito Rodriguez
(Euskal Idazleen Elkarteko Lehendakaria)

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago