Teknologia albisteak

Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutua

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-06-09 : 18:06

Eusko Jaurlaritzak "Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutua" sortuko du, enpresa izaerako ente publikoa. Hala nola Spri industria jarduerarako, edo Ihobe ingururugirorako, horixe izan daiteke ente berriaren izaera, kultura sustapenerako.

Eusko Jaurlaritzak Kulturaren Euskal Planaren estadio berri bat aurkeztu du gaur publikoki. Duela urte gutxi batzuk hasitako hausnarketa estrategikoan, "Kulturaren Euskal Planak zehaztasun-faseari ekin dio", adierazi dute Planaren arduradunek. Gaur zabaldutako txostena Euskadi.net-en jarri dute.

Txosten horretan aipatzen Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutua. "Ente publiko berria sortzeko eta horren haritik Lege gisa onartzeko bidean informazio publikora atera dugu lege egitasmoaren zirriborroa."

Eta jarraitzen du txostenak:

"Arteen eta Industria Kulturalen Euskal Institutuaren zeregin nagusia euskal arte- eta kultura-ekoizpena sustatzea izango da. Zuzenbide pribatuko ente publikoa izango da, eta beraz, bere helburuak betetzeko behar adina autonomia izango du. Zuzendaritza organoetan kultur sektoretako ordezkariek hartuko dute parte.

Azken finean, institutu hori Kultura Sailaren beso exekutiboa izango da, arteei eta industria kulturalei laguntza emateko politikekin lotuta dauden alderdi guztietan, eremu horretako Euskadiko sormen- eta industria-ehuna indartzeko. Bere zeregina Kulturaren Euskal Planaren ildo estrategikoak garatzea izango da, egitura berri eta bizi batetik abiatuta."

Institutuaren helburuen artean, hauek azpimarra daitezke:

  • Sortzaileak, enpresak eta profesionalak sustatzea, hezkuntzan eta ikerkuntzan, sorkuntzan, produkzioan, banaketan/erakusketan eta kultura-hedapenean.
  • Arteetan eta industria kulturaletan sartuta dauden sektoreen jarduera dinamizatzea.
  • Sortzaileei eta kultura-enpresei laguntzeko programak ebaluatzea eta hobetzea, jakintzaren gizartean agerpen aktiboa izate aldera.
  • Euskal kultura-ekoizpena hedatzea.

Web bidezko ekimenak

Txostenak Interneten abiatu nahi dituzten zenbait ekimen ere aipatzen ditu.

  • Artisautza: "Artisauen katalogoak aurkezteko web formatuko tresna bat sortzea proposatu dugu, hedapenerako tresna gisa erabili ahal izango dena."
  • Museoak: "2008ko lehen seihilekoan, Kultura Sailak lehentasuna eman dio museoak kudeatzeko sistema informatiko bat antolatzeari. Hainbat museoetako ordezkariek parte hartu dute bildumak dokumentatzeko behar izango diren moduluak zehazteko prozesuan. Horri esker, Inbentario Orokorra eta Katalogo Kolektiboa sortuko dira, eta webgunearen bitartez sartu ahal izango da bertan. Proiektuak erabiltzaileentzako prestakuntza ere hartzen du barnean."
  • Arte plastikoak. "Ikusizko arteei buruzko informazio-gune baten sorrera etab baita ikusizko arteei buruzko informazioa jasoko duen web-gune baten sorrera. Informazio-gune horretan, erakunde guztiek emandako laguntza eta diru-laguntzei buruzko informazioa emango litzateke, bai eta sektorerako interesgarriak diren beste informazio osagarriak ere."
  • Ondarea. "Kultura Sailak artxiboen dokumentazioan aplikatzeko programa informatiko baten diseinuari ekin dio. Programa horren bidez, euskarri tradizionaleko dokumentuen trataera nahiz dokumentazio digitala kontserbatu eta hedatzeko estrategia jorratuko dira." (tira, azken hau zehazki ez da Interneteko kontu bat izango)

Erantzun

Sartu