Teknologia albisteak
3

Basquecamp, interakzioa euskaraz eta arratsaldez

Erabiltzailearen aurpegia
ptx - basquecamp
2008-06-09 : 14:06

Interneti aurpegia jarri diogu. Arratsalde batez, 15 hitzaldi baino gehiago, 30 lagunen artean. Teknologia berrietan aritzen garen lagunak batu gara. Ezagutu barik, sareak batu gaitu. Larrabetzun, ekainaren 7an, arrastiz egindakoa kontatzea du xede kronikatxo honek.

Wiki bat izan da orain arteko gure lotura. Editatu eta gaiak proposatu ditugu. E-posta be baliatu dugu, jendea animatu eta gonbidatzeko.
Twitter asko erabili dugu, eta erabiltzen jarraitzen dugu. Erabilgarri zaigulako. Eta basquecamp honen ostean orain gainera, proiektu bakoitza aurpegi batzuekin lotuko dugu. Link. Bestelako loturak.

Eta eleizako kanpaiek seirak zirela adierazten zutenean, jendea agertzen hasi zen Andra Mari kaleko 23an. Eta gaztetxera hurbiltzen, ordurarte ezezagunak zirenak, inoiz ikusitakoak, elkarri idatzitakoak zein post ezberdinetatik ezagutu izandakoak.

Gaitegia berriro adostu, metodologia partehartzaile bat proposatu eta ekin genion solasaldien tarteari.
Berbarako, hiru gai nagusi genituen. Herritarrak eta informazioa bloke batean, Mapen gaineko tartea eta azkenik tresna ezberdinak erakusteko berbaldiak.

Herritarrak+teknologia
Aurkezpenak egin ostean ekin genion topaketaren izenburu zen Informazioa= herritarrak+teknogologia atalari. Teketenek mashup azkarrak hartu zituen hizpide, eta berak prestatutako garapen edo aplikazio pratikoak erakutsi zizkigun. Yahoo pipes baliatuta, herriak testuinguru informatiboan kokatu eta egunkarietako albisteak mapetan jartzeko baliatu zuen bere hitzaldia.
Ukberri.net atariko lagunek, beraien albistegi digitalaren berri eman, eta Uribe Kostako blogari, fotolog eta albisteen komunitatea aurkeztu zuten. Errekaz bestaldera, Barakaldotik Herrikolore.org gunearen berri izan genuen, herri mugimenduak, euskara, kultura, albiste alternatiboak, bideoak lagun gutxi batzuen artean eginda.
Ekimen profesionalagoa eta handiagoa da Goiena.net, eta presentzia izan zuen, gogoeta interesgarriak Iban Arantzabalen eskutik. Eitb24.com  atariak ere, laister kaleratuko duen proiektu berri baten zertzeladak ekarri zituen gaztetxera. Partehartzea, herrietako informazioa eta Internet uztartuko ditu, eta horretarako erabiltzaileen iritzia jaso gura izan zuten. Aholku batzuk, zenbait akats eta proposamenak jaso zituzten. Gaur8 eta Hitzari buruz ere hitzegin zuten zapatuan. Larrabetzu.org  anfitrioiko partaideek ere azaldu zuten  proiektua zertan den, eta aurrera begira dauden asmoak.

Mapak
Egungo gaia, dudarik gabe. Tagzaniako biztanlee, OpenStreetMap.org aplikazioa erakutsi ziguten; aukerak, tailerra egiteko posibilitatea, herriz herri gure auzo eta kaleak mapeatzeko argibideak eman zituzten besteak beste. Arreta bereganatu, eta aukera berriak asmatzeko irrikitan entzuleak. Xabi Erkizia Audiolabeko kide, musikari eta soinu ikerlari adituak soinumapa.net erakutsi zuen. Herriek badute soinurik? galdetuz hasi zuen bere hitzaldia. Eta gauza berriak elkarrekin sortu eta garatzeko aukera plazaratu zuen.

Tresnak eta hitzaldi laburrak
Iñaki Berazategi kazetariak gerra zibila hartu zuen hizpide, eta sarean topatutako disko, kantu eta informazio iturriak azaldu eta erakutsi eta entzungai jarri zituen. Maite Goñik, Euskaljakintzatik, wikikoadernoen esperientzia jorratu zuen eta Igor Santos informatikariak standar irekiak izan zituen berbagai. Solasaldiek entzuleen arreta piztu zuten. Ezagunak batzuk, eta esperientzia berriak besteak.

Interakzioaz gogoeta tzen
Orohar interesgarri suertatu zitzaigun lehen barcamp hau. Elkar ezagutu, nolabait sarean lanean ari den jendearen berri izan eta teknologia berrien inguruan intereakzioa sortzeko moduko topaketa izan zen. Abiapuntu bat, beste behin. Etorriko diren saioen zain. Interesgarria litzateke gainera, bertan egondakoen iritziak berton batzea. Euskarazko garatzaile eta erabiltzaileak batu dituen ekimenetik, sortu daitezkeen bestelako langintzetarako. Auzolan telematikoak jarraitzen du. Sarean eta kalean. Hurrengoa noiz?

Erantzunak

angel bidaurrazaga
2008-06-09 : 15:07

Aukera izan nuen hitzaldi gehienak entzuteko eta oso interesgarriak iruditu zitzaizkidan guztiak, zorionak larrabetzu.org-koei.

Nire ustetan alfabetzatze digitala kanpaina bat beharko litzateke dauden tresnak ezagutzeko eta erabiltzaileak hezitu eta ugaritzeko. Eibartarrakoek bere tresnaren hedapenarako UEUn ikastaro bat antolatu dute, baina iruditzen zait biderkatu beharko litzatekez ikastaro labur hoiek (tailerrak 2.0 egin ziren moduan).

Dena den zaila da egitea baliabide urriak daudelako, adibidez Mungian ikastaro bat egiten saiatu nintzen (web 2.0ko gauzatxo batzuk erakusteko) eta buelta asko eman ondoren DBHko ikastetxeko gela informatikoa laga zidaten baina hasi eta 10 minutura ordenagailu zaharrek blokeatuta gertau ziren eta erdibidean geratu ginen bildutakoak.

Abiapuntu ederra Larrabetzukoa.

Iñigo
2008-06-09 : 17:12

Basquecampeko argazkiak hemen topa eta erabil daitezke


Bestalde, artikulua hitzez hitz kopiatu dugu Uribe Kosta eta Erandioko irakurleentzat.


Ondo izan, eta hurrengoa... laster.


ptx
2008-06-09 : 17:15

Buruz aritu naiz.. guztiak aipatzen, eta ahotsak.com ekimena ahaztu! Barkatuko didate erantzun batean gehituta... Eskerrik asko haiei ere!


Erantzun

Sartu