Teknologia albisteak

VI. Zernola Olinpiadaren sariak banatu dira gaur goizean

Erabiltzailearen aurpegia
Armix - Elhuyar Fundazioa
2008-05-30 : 18:05

Elhuyar Fundazioak antolatzen duen zientzia eta teknologiako olinpiada honetako irabazleak Gasteizko Jesus Obrero ikastetxeko, Bermeoko Eleizalde ikastolako eta Donostiako Axular Lizeoko ikasleak izan dira. Olinpiadaren amaierako festa Arrasateko Polo Garaian izan da eta 150 gaztek hartu dute parte.

Gaur antolatu den festan, irabazleez gain, laugarren eta bosgarren postuan sailkatutakoek (Jesus Obreroko 1.D gelakoek, Elgoibarko BHI-ko ikasleek eta Arrasateko Arizmendi-San Viator ikastolako 1.T ikasgelakoek) ere parte hartu dute. Goizean goiz, Oñatiko Gomiztegi baserrian gazta nola egiten den ikasi dute, baserriko makineria ezagutu dute eta txakur-erakusketa bat ikusteko aukera izan dute. Ondoren, 150 gazteak Arrasateko Polo Garaira joan dira, eta han, break dance, hip hop eta graffiti jaialdi batean parte hartu dute, Aritz Sound System, Maisha abeslaria, Samu break-dantzariak eta Luxor grafitti-margolariaren eskutik. Baina, profesionalez gain, gazteak ere animatu dira dantzatzera, eta Axular Lizeoko eta Jesus Obrero ikastetxeko ikasleak ere ikuskizun bikaina eskaini dute.

Jaialdian zehar egin da sari-banaketa, eta ikasgelak poz-pozik joan dira egokitu zaizkienarekin.

Sariak

Lehenengo sariaren irabazleek, Gasteizko Jesus Obreroko 2.E ikasgelako ikasleek Zuatzako uhartean bi eguneko egonaldi bat egiteko txartela jaso dute gelako guztientzako; Arabako Foru Aldundiari esker jaso dute sari hori. Bigarren sariaren irabazleek, Bermeoko Eleizalde ikastolako ikasleek, berriz, Plentziako aterpetxean bi eguneko egonaldi bat egiteko aukera izango dute, Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Azkenik, hirugarren sariaren irabazleek, Axular Lizeoko 2.D gelakoek, egun bateko txangoa egingo dute Sobronera (Araba), eta, han, kanoan eta abentura-parkean ibiliko dira, Sobron Abentura taldearen eskutik. Gazteen garraioaz Aizpurua Autobusak enpresa arduratuko da.

Erantzun

Sartu