Teknologia albisteak

AEKko euskaltegiak ateak zabalik

Erabiltzailearen aurpegia
AEK Nafarroa - AEK
2008-05-20 : 10:05

Ateak zabalik ditugu Nafar jendarte osoarentzat. Ateak zabalik izan ditugu Nafarroako AEKko euskaltegiak, helduak euskalduntzen daramatzagun urte hauetan guztietan. Nafarroan euskararen normalizazioaren aldeko lanean ari gara AEKko euskaltegiok, jada urte asko dira30 gutxienean, Nafarroako bailara herri eta hirietan helduei euskal eskolak ematen dizkiegula. Erriberako lautadetatik hasi, Iruñerriko mendixkak eta Baztango etxetzarretatik igaroz hurrena, euskara irakatsi diegu milaka eta milaka nafarrei.

Euskaltegiok egindako ahalegina eta lan eskerga aldiz, maiz ikusi da baztertua, gutxietsia, baita zigortua ere batzuetan. Dena dela herritarren lanari esker eta hainbeste eta hainbeste jenderen laguntzari esker milaka dira gure euskaltegietatik pasa eta euskara ikasi duten euskaldunak.

Aipatu bezala milaka lagunez ari baikara, hain zuzen ere urtero mila lagun pasatzen baita gutxienez geure euskaltegietatik euskara ikastera. Batzuk bidean huts egiten dute, baina euskaldunekin mintzatzean ulertzeko gaitasuna eskuratzen dute, beste batzuk aldiz, jada euskara ikasi dute eta euskaraz bizitzeko erabakia hartua dute, eta beste askok euskara irakasten die beste heldu batzuei eurek ikasitako moduan.

Euskaltegiok, euskara irakatsi eta euskal kulturaren aldeko lan handia egiten dugula ezin ukatu. Euskara eta geure kultura guztiz loturik nafar jendartera hainbeste ekimenen bidez ekitaldi ugari eraman ditugu. Bi urtean behin Korrika antolatzen dugu, euskararen aldeko oihu luze, zabal eta jendearekikoa.

Baina aipatu dugun moduan urte hauetan guztietan ez dugu Nafar Gobernutik merezitako ez laguntza eta ez aintzatespenik jaso. Euskaltegiok egindako lanaren aitortzarik ez da izan urte hauetan guztietan. Nahiz eta hainbatean Nafar Gobernuarekin lan egin izan ekimen ezberdinetan –horrek geure lanari beharrezko zilegitasuna ematen dio- Nafar Gobernuak ez dio sekula beharrezko garrantzirik eman helduak euskalduntzeari eta are gutxiago helduen euskalduntzean ari garen eragileoi, tartean AEK.

Gauzak honela geure ateak zabaldu nahi ditugu. Dei egiten diogu Nafar jendarteari geure ateak irekita daudela esateko. Horretarako….. deialdi egin ditugu eta guztiok gonbidatu nahi zaituztegu gure lana ikus dezazuen eta lehen eskutik ikus dezazuen. Euskara dakizuenok, geure euskaltegietan euskara ikasteko borondatea dutenak topatuko dituzue; euskara ez dakizuenok geure euskaltegietan euskara nola ikas daitekeen ezagutzen ahalko duzue. Nafar Gobernua aldiz, urteetako utzikeria eta beste aldera begiratzea utzi eta AEKko euskaltegioi dagozkigun laguntzak eta baliabideak eman.

Aski da euskaltegion lanari muzin egiteaz, nahikoa da urte bat pasa beste bat pasa, kontseilari bat beste bat, inolako aurrerabiderik gabe euskaltegiok geure lana egiten jarraitu beharra.

Ateak zabalik ditugu beraz, ikusi, ikasi eta irakatsi AEKko euskaltegien uzta.

Erantzun

Sartu