Teknologia albisteak

Soft librea erabiltzeko bideo-laguntza euskaraz

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-05-07 : 10:05

Euskalgnuk informatika librearen zabalpenerako lan mardul bat jarri du sarean: GNU/Linux sistema eragilea nola erabiltzen den argitzen duten 18 bideo, gehienak Gnome mahaigainekoari buruz, eta baita programa zehatzei buruz.

Lanari buruzko informazioa eta aurkibidea hemen duzu, eta EHUko EHUX distribuzioaren webgunean, bideoak deskargarako. Ogg Vorbis formatuan daude, eta hortaz, Mac OS X edo Windows sistema eragileetan, VLC jogailua (doakoa, librea) beharko duzu ikusteko. Creative Commons lizentzia libre batekin banatuta daude lanak, eta hortaz, bideoak partekatzeko tokiren batera igo daitezke: ez litzateke ideia txarra. DVD bidez grabaketak banatzeko gomendioa ere egiten du Euskalgnuk, ez banda gehiegi kontsumiarazteko EHUri.

Gnome mahaigainekoari buruzko lezioak dira, eta baita programa batzuen gainekoak: InkScape, OpenOfficeren adarrak (Calc da Excelen alternatiba, eta Impress erabili daiteke Powerpoint-aren ordez), Gimp (Photoshop ez erabiltzeko), inprimgailuaren konfigurazioa... Gnome mahaigainekoa eta programa hauek GNU/Linux banaketa ohikoenean, Ubuntu delakoan, aurkituko dituzu.

Bideoak bereizmen handian grabatu dira: 1280x720 pixel. Eta ireki ditugun pare batean, Dooteo bera, Euskalgnu-ko partaide ezaguna, ageri da hizlari, oso txukun urratsez urrats gauzak azaltzen. Dooteoren enpresa, Zundan, agertzen da halaber bideoetako kredituetan.

Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntzarekin jarri ditu lanak eskuragarri Interneten EuskalGNUk.

Erantzun

Sartu