Sustatu logoa Teknologia albisteak

Animabasauri 4.0, Animabasque jaialdia

Sustatu
2008-04-21 10:04

Aurtengo Animabasauri 4.0-Animabasque jaialdian luzemetraia zein laburmetraia interesgarriak izango dira ikusgai. Gainera, atal bereziak, erakusketak, tailerrak, merkatua, ... izango ditu jaialdiak.

Proiekzioak Basauriko Social Antzokian, Ibaigane kultur etxean, Deustuko Renoir zinema aretoetan, Euskal Herriko Unibertsitatean eta Bilboko FNACen egiten ari dira.

Hiru sari nagusi banatuko dituzte: 35 milimetroko euskarrian egindako lanen kasuan, film luze onenak 6.000 euro eskuratuko ditu, eta film labur onenak, berriz, 1.000 euro. DVD euskarrian egindako film labur onenak, aldiz, 600 euroko saria jasoko du. Nazioarteko epaimahaia arduratuko da 35 milimetroko lanik onenak aukeratzeaz, eta Euskal Herriko Unibertsitateko Arte Ederretako ikasleek hautatuko dute DVD euskarriko irabazlea.

Bestalde, apirilaren 24an Animabasque Business Nazioarteko Animazio Merkatua egingo dute Bilboko Euskalduna Jauregian.

Animabasauri 4.0-Animabasque jaialdiko Herri Gonbidatua Hego Korea da aurten eta horregatik Seoul Animation Center enpresa egongo da Animabasque Businessen.

Partaidetza euskaldunari dagokionez, besteak beste Izibene Onederraren "Hezurbeltzak-Una Fosa Comun" edo gaur hasten den Karratu atalean Imanol Garaizabalen "Ardoaren Negarra" eta Kepa Uribarriren "Lorez Beterik", lanak izango dira ikusgai.

Apirilaren 25era bitartean luzatuko da Animabasauri.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu