Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa aurkeztu da
Gaur goizean aurkeztu da Donostian Euskal Herriko Ahotsak egitasmoa. Proiektu honen helburu nagusia da, Euskal Herriko ahozko ondarea eta herri hizkerak bildu eta hedatzea; hau da, gure herrietako adineko jendea elkarrizketatu, eta euren euskara eta bizipenak jasotzea eta herritarren artean zabaltzea.
Egitasmo honen helburua da Euskal Herriko grabazio dialektologiko eta etnografikoak biltzea eta denon esku jartzea. Gaur aurkeztu da proiektua, baina Ahotsak 2004. urtean jaio zen. Denbora tarte honetan lan asko egin da.
Metodologia
Hauxe da proiektuan egiten den lana:
- Jende nagusiari elkarrizketak egin bideoz, euskal herri guztietako hizkerak eta ahozko ondarea biltzeko. Gainera, lehendik ere herririk herri egin diren grabazio zaharrak berreskuratzen dira.
- Materiala katalogatu, landu eta kodifikatu; datu-basean txertatu.
- Grabazioak transkribatu eta editatu.
- Informazio interesgarriena herritarren artean zabaldu, batez ere Internet bidez, ahotsak.com webgunean.
Ezaugarri nagusiak
Hauek dira proiektu honen ezaugarri azpimarragarrienak:
- Euskal Herri osoko datuak biltzen ditu.
- Publikoa eta doakoa da.
- Proiektu irekia da, eta interesa duen orok har dezake parte.
- Hainbat ikerlari eta proiektu biltzen ditu bere baitan.
- Metodologia sistematikoa eta zehatza jarraitzen da.
- Informazioa herrika eta gaika antolatuta dago.
- Era guztietako hartzaileak izan ditzake: ikerlariak, ikasleak, zaletuak, senideak... filologoak, historialariak, antropologoak...
Zenbait datu
Une honetan hauxe da webgunean ikusi daitekeen informazioa:
- Herriak: 62
- Hizlariak: 986
- Zintak: 1212
- Pasarteak: 7722
- Transkripzioak: 1572
- Audioak: 1176
- Bideoak: 1021
Hemendik aurrera ere proiektuak aurrera jarraituko du, etengabe ari baikara materiala biltzen, lantzen eta datu-basea eguneratzen. Helburua da, 2012. urterako euskal herri guztietako lekukotasunak jasotzea eta online jartzea.
Proiektuaren eta webgune honen ardura Badihardugu Euskara Elkartearena da. Hala ere, Euskal Herriko edozein elkartek eta ikerlarik har dezake parte Ahotsak.com-en, eta dagoeneko hainbat udal, elkarte eta ikerlari dira proiektuan parte hartzen ari direnak, denon artean ahalik eta proiektu sendo eta biziena lortu ahal izateko.
Egitasmo honek Eusko Jaurlaritzaren eta Gipuzkoako Foru Aldundiaren dirulaguntza eta babesa jaso du. Gaurko aurkezpena, Gipuzkoako Foru Aldundiarena den Donostiako Koldo Mitxelena Kulturenean izan da, eta bertan izango dira Patxi Baztarrika Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikarako sailburuordea eta proiektuaren arduradunak.
Horretaz gain, egitasmo honetan lanean ari garenok bereziki eskertu nahi dugu Bergarako udalaren, Antzuolako udalaren, Eskoriatzako udalaren eta Aretxabaletako udalaren babesa, proiektu hau hasiera-hasieratik bultzatu dutelako.
Erantzunak kargatzen...