Sustatu logoa Teknologia albisteak

Berriak herritarrekin ospatuko du bosgarren urteurrena

Berria komunikazioa - Berria
2008-04-15 10:04
BERRIAko sortze prozesuan oso garrantzitsua, ezinbestekoa esango genuke, izan zen herriz herri egin zen lana. Herri batzordeak, kultur ekitaldiak, diru bilketak, akzio salmenta, harpidedunak egiteko kanpainak... izan ziren proiektuaren oinarria. Lan horrek bere fruitua eman du eta egun sendotutako proiektua da BERRIA.

Ekainaren 21a bitartean, hainbat ekitaldi egingo ditugu eskualdez eskualde. Ekitaldien helburua bikoitza da: BERRIA sortzeko egindako lana eskertzea eta aurrera begirako proiektuak aurkeztea. Guztira 22 ekitaldi egingo dira, beste hainbeste eskualdetan.

Aste honetan bertan egingo dira lehenengo biak. Estrainekoa Buruntzaldean egingo dugu, apirilaren 15ean, Andoaingo Martin Ugalde Kultur Parkean, iluntzeko 20.00etan. Bigarrena, Busturialdean egingo da, Gernikako Elai Alai aretoan, iluntzeko 20.00etan.

Egunero BERRIA egiten dugunontzat garrantzitsua da 5. urteurren hau proiektua posible egiten duten guztiekin ospatzea.

Ekitaldietan bost urte hauetako lana jasotzen duen bideoa ikusi ahal izango da eta ondoren hitzaldi baten bitartez aurkeztuko ditugu aurrera begira ditugun erronkak. Amaitzeko, parte hartzen duten guztiek mokadua jateko aukera izango dute.

Ekainaren 21ean, egun horretan beteko dira 5 urte BERRIA lehen aldiz argitaratu zenetik eta egun horretan egingo da ekitaldi nagusia Donostiako Kursaalen.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu