Teknologia albisteak

Hitzaldi sorta eta Arbaiunera irteera Leioako Natur Astean

Erabiltzailearen aurpegia
Antton Alberdi - EuskalNatura.net
2008-04-11 : 10:04

EuskalNatura.net webguneak antolatuta Leioako Campuseko I. Natur Astea izango da datorren apirilaren 14tik 20ra. Bertan, biodibertsitatea eta kontserbazioaren inguruko hitzaldi sorta eta mendi irteeraz gozatzeko aukera izango dute EHUren aipaturiko Campusera gerturatzen direnek.

·Hitzaldi sorta

Aipatu moduan, hitzaldiak biodibertsitatea eta kontserbazioaren inguruan izango dira, arlo ezberdinetan lanean ari diren hainbat biologok eskainiak. Astelehenetik ostegunera egunero izango dira hitzaldiok, eguerdiko 12etan Liburutegi Nagusiko hitzaldi gelan, erakusketa aretoaren ondoan. Honakoak izango dira hitzaldiak:

Astelehena 14: Saguzarrak eta naturaren kontserbazioa Euskal Herrian Joxerra Aihartza: EHUko zoologia irakaslea

Asteartea 15: Germoplasma bankuak, landare mehatxatuen kontserbaziorako lanabesak Joseba Garmendia: Aranzadiko Botanika saileko zuzendaria

Asteartea 16: Espezie mehatxatuen kontserbazioa Araban Malen Vilches: Arabako Foru Aldundiko Ingurumen saileko Biodibertsitate atalaren arduraduna

Osteguna 17: Axpeko Artetxene errekaren errestaurazioa. Bolondresekin egindako lana. Joxerra Diez: EHUko ekologia irakaslea

Lau hitzaldietatik 3tara hurbiltzen direnak Aukera Askeko Kreditu bat lortuko du trukean.

•Mendi irteera

Astebukaeran, aldiz, mendi irteera izango da Arbaiungo arroilara (Nafarroa). Bertan, fauna eta flora menditar eta mediterranearra behatu eta aztertzeko parada izango dugu, eta baita sai arreak bertatik bertara hegaka ikusteko ere. Hauek dira bidaiaren asmoak:

Ostirala 18: irteera arratsaldeko 17.30etan Leioako Campusetik. 20:00etarako Iso gainera iritsi eta gaua bertan igaro. Larunbata 19: arroila barruan egun osoko ibilbidea Zaraitzu ibaiaren ertzetik. Igandea 20: goizean, Kornotaitzera sai arreak bertatik bertara ikustera. Bertan bazkaldu, eta buelta arratsaldeko 19:00etarako Bilbora.

Irteera autoetan egingo da (inork autorik ez balu, denon artean antolatuko ginateke guztiok kabitu ahal izateko) eta kanpin denda eta jatekoa norbere esku izango da. Honenbestez, lehenbailehen abisatzea eskatu nahi dugu, ahalik eta hobekien antolatu ahal izateko. Irteerara joan nahi dutenek ez dute 615005414 telefonora deitu edota euskalnatura@gmail.com helbidera idatzi besterik.

Horretaz gain, hilaren 2tik irekita dagoen Objektibotik: euskal natura argazkitan argazki erakusketa irekita mantenduko da apirilaren 18ra arte.

Erantzun

Sartu