Kontseiluko sortzaileek "Euskaraz bai" adierazpenarekin bat egin dute
2008-04-01 16:04
Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua orain dela 10 urte luze sortu zen, 1997ko abenduaren 6an, Durangon. Sorrera posible egin zutenekin agerraldia egin dute gaur Donostiako Costa Vasca Hotelean. Bertan Euskararen Unibertsoa jardunaldiak antolatu ziren 1997ko martxoan. Ehundaka adituk parte hartu zuten hausnarketetan eta bertan erabaki zen euskalgintzak bilgune baten beharra zuela: handik hilabete batzuetara sortu zen Euskararen Gizarte Erakundeen Kontseilua.
Eskerrak eman dizkie hasieratik Kontseiluko idazkari nagusia den Xabier Mendigurenek sorreran parte hartu zutenei. Eskerrak ere etortzerik izan ez duten baina sorrera posible egin zuten guztiei, eta aipamen berezia bidean gelditu den Fernando Muniozgurenentzat, bertatik bertara eskerrak emateko aukerarik ez dugulako izan.
Gaur, sorrerako sentimendu hura gogoratzeaz gainera, Euskaraz bai adierazpena Euskal Herriko eragileei sinatzeko deia egin nahi diegu, horrela aurkeztu du idazkari nagusiak adierazpenaren atxikimenduak biltzeko kanpaina. Euskaraz bai adierazpenak euskararen egoeraren azterketa eta etorkizunaren erronkak azaltzen ditu helburu jakin batekin: euskararen normalizazioaren ahaleginean elkarlana sustatzea, horretarako gizarte-eragileen, erakundeen eta jendartearen atxikimendua lortuz.
Euskaraz bai adierazpenarekin bat egiteko bidea Kontseiluaren webgunean sartu eta atxikitzea da: www.kontseilua.org/euskarazbai
* ikusi Euskaraz bai adierazpena
Ekitaldiaren bukaeran, Kontseiluko idazkari nagusiak 10. urteurreneko ekitaldi nagusia abenduaren 13an egingo dutela iragarri du: Egun handia izango da abenduaren 13an, ospaketa handia egingo baitugu.
Erakusketa ibiltaria
Kontseiluak apirilaren erdialdean erakusketa ibiltaria jarriko du martxan: Kontseiluak 10 urte bidea eginez. Honela, urte hauetan egindakoen berri emango die herritarrei, proiektu eta ekimen interesgarrienak ezagutaraziz. Ordenagailuetan joango den erakusketa interaktiboa izango da.
Erantzunak kargatzen...