Sustatu logoa Teknologia albisteak

Photoshop eta Flickr, nor baino nor

Joxe Aranzabal - HUHEZI
2008-03-31 11:03

Adobek sarean jarri berri du Photoshop programaren doako bertsioa. Photoshop Express deritzo, eta nor bere nabigatzailetik sar daiteke bertan. Aplikazio ona da, baina Adobek hautsak harrotu ditu ezarri dion lizentziarekin. Bien bitartean, Flickr-ek ere aplikazio bat atera du, Picnik, hori ere doakoa, argazkiak sarean editatzeko.

Photoshop Express

Photoshop Express

Flash 9 behar da Photoshopen sareko aplikazioa erabiltzeko. Behin izena emanda, ezinbestekoa aplikazioa erabili nahi izanez gero, erabiltzaile bakoitzak 2GB jasotzen ditu bertan bere argazkiak gordetzeko.

Aplikazio berriak aukera ematen du Facebook eta antzeko sareekin bat egiteko, baita argazki zerbitzuekin. Oraingoz, JPG formatua darabil soilik. Adobek esan du eskaini nahi duela aplikazio hau off-line ere lan egin dezan. Nik erabili dut, eta iruditu zait erabilerraza dela, eta ondo dagoela berarekin oinarrizko edizioak egiteko.

Lizentzia makurra

Hala ere, eragozpen handi bat du aplikazio horrek, eta da lizentzia, Adobek erabiltzaile guztiei ezarri nahi diena, horren arabera Adobe egiten baita bere aplikazioaren zerbitzuetan gordetzen diren argazki guztien jabe, edozelan erabiltzeko eskubidearekin. Horrela dio lizentziaren letra txikiak:

  • “You grant Adobe a worldwide, royalty-free, nonexclusive, perpetual, irrevocable, and fully sublicensable license to use, distribute, derive revenue or other remuneration from, reproduce, modify, adapt, publish, translate, publicly perform and publicly display such Content (in whole or in part) and to incorporate such Content into other Materials or works in any format or medium now known or later developed."

Horren aurrean, jende askok atzera egin eta protesta egin du, lizentzia hori gehiegikeriatzat iritzita. Adobek, berriz, jendearen erantzuna ikusita, agindu du berraztertuko duela lizentzia, eta zerbait egingo duela. Ikusi egin behar.

Flickr-en argazki editorea

Bien bitartean, Flickr ez dago besteek zer egingo zain. Dagoeneko, atera du argazki editore bat sarean lan egiteko, doakoa eta arazo bakoa lizentziari dagokionez.

Hori erabiltzeko, sartu Flickr-en, eta aukeratu argazki bat. Argazki bakoitzaren gainean hainbat ikono aurkituko dituzu, tartean, bat berria: “edit photo”. Egin klik hor, eta Picnik irekiko zaizu, argazki editore bat, zeinek eskaintzen baititu oinarrizko eragiketak: moztu, aldatu neurriak, doitu esposizioa eta koloreak, efektuak, gehitu testua, etab. Efektu bereziren bat izan ezik, gainerakoa doakoa da.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu