Teknologia albisteak

Elekak eta Le Journal du Pays Basque-k Sarean zer? izeneko aplikazioa garatu dute

Erabiltzailearen aurpegia
Ainhoa Salegi - Eleka Ingeniaritza Linguistikoa, S.L.
2008-03-18 : 09:03

Eleka Ingeniaritza Linguistikoa enpresak eta Le Journal du Pays Basque agerkariak Sarean zer? izeneko aplikazioa garatu dute, eta ostiralean aurkeztu zuten Donostiako Koldo Mitxelena Kulturunean.

Aurkezpenean Inaki Irazabalbeitia Elekako kudeatzaileak, Itziar Nogeras Elhuyar Fundazioko zuzendari nagusiak eta Agus Hernan Le Journal-eko kudeatzaileak parte hartu zuten. Aplikazio eleaniztun honen bidez, Le Journal du Pays Basque egunkari digitalean www.lejpb.com argitaratzen diren berriak beste agerkari digitaletan argitaratzen diren gai bereko berriekin lotuko dira. Proiektu honek Akitania-Euskadi diru-laguntza izan du.

Le Journal du Pays Basque kazetak Interneteko bertsioan (www.lejpb.com) euskaraz zein frantsesez argitaratzen dituen berriak eta beste agerkari digitaletan antzeko edukiarekin argitaratzen diren berriak lotzen dituen sistema bat sortu dute Eleka Ingeniaritza Linguistikoak eta agerkari horrek, Akitania-Euskadi diru-laguntzaren bidez: Sarean zer? izena du sistema horrek. Sistemaren helburua da egunkari digital batean argitaratutako albisteak beste egunkari digital batzuetako albisteekin elkarren antzekotasun-mailaren arabera lotzea. Era horretan, irakurleak albisteak irakurri ahala aurrean duen albistearekin erlazionatutako beste albiste batzuk eskuratuko lituzke, beste hizkuntza eta egunkari batekoak izanik ere. Aplikazio hau gai da hainbat hizkuntzatako albisteak prozesatzeko: euskara, gaztelania, frantsesa, ingelesa eta katalana. Hala, informazioa kontrastatzeko aukera edo/eta gai batean sakontzeko posibilitatea ematen zaio irakurleari. Inaki Irazabalbeitiaren esanetan “Sarean Zer? aplikazioak nazioarteko 20 hedabide digital arakatzen ditu informazioaren antzekotasunaren arabera”.

Sarean zer? aplikazioa Elhuyar Fundazioaren I+G sailak garatu duen Dokusare teknologia du oinarri. Semantikan eta antzekotasunean oinarrituta dokumentu eleaniztunak erlazionatu eta bilatzaileko teknologia da Dokusare, eta Eusko Jaurlaritzaren Industria, Merkataritza eta Turismo sailak Saiotek deialdian lagundutako ikerketa-proiektua da.

Erantzun

Sartu