Teknologia albisteak

Gaur aurkeztu da www.hitza.info, herri informazioaren leihoa

Erabiltzailearen aurpegia
Gari Berasaluze - Bertako Hedabideak
2008-03-12 : 17:03

Zenbait hilabete igaro dira herri informazioa lantzen duten euskarazko Hitza egunkariek webguneak berritu zituztenetik. Orain, edizio jarraituetako informazioa bateratu eta gaur aurkeztuko den www.hitza.info webgunea abiarazi dute tokian tokiko prentsa sustatzeaz arduratzen den EKTren baitako Bertako Hedabideek.

Hitzen webguneetako edukiak bilduko ditu, herri informazioaren inguruan lanean ari diren beste hainbat komunikabideren albisteekin batera. Gaur asteazkena izango da aurkezpena, 19:00etan, Donostiako Doka kafe antzokian.

Euskarazko herri informazioaren bilgune bihurtzea da asmoa, Hitzetako 102 herrietakoaz gain, herri informazioaren inguruan lanean ari diren beste hainbat agerkari digitalen edukiak eta albisteak ere bilduz eta erakutsiz.

HITZA kanala Euskaltuben

Edizio jarraituko bideoei dagokienez, gainera, aurrerantzean Euskaltube izango da Hitzen webguneek bideoak igotzeko hautatuko duten webgunea, eta Euskaltuben bertan kanal berezia izango da Hitzen bideo horiek ikusi ahal izateko: www.euskaltube.com/hitza

Papereko edizioak PDFan ikusi eta eskuratzeko aukera

Webgune berriak laster batean emango duen beste aukeretako bat, Hitza egunkarien papereko edizioak ikusi eta saretik jaitsi ahal izatea izango da. Zazpi Hitzetako eguneroko papereko edizioen bai azala eta baita egunkari osoa ere jaisteko aukera izango dute erabiltzaileek.

Gaur egun, zazpi Hitzak 102 herritara iristen dira, guztien artean egunero 40.000 ale inguru argitaratuz, asteartetik larunbatera Busturialdeko Hitzaren kasuan, eta asteartetik igandera gainerako sei Hitzen kasuan. Orain, webgune berriak papereko edizioa PDFan ikusteko edo jaisteko eskainiko duen aukerarekin, beste milaka irakurle izango dituzte Hitzek.

Webguneek ere, milaka irakurle egunero

Hitzen papereko edizioek ez ezik, zazpi Hitzen webguneek ere milaka bisitari eta irakurle izaten dituzte egunero. Batez beste, zazpi webguneen artean 14.000 bat irakurle aitortzen dituzte egunero bisitari kopurua zehazten duten Interneteko zenbatzaileek.

Horiek guztiek ikusten dituzten edukiak izango ditu www.hitza.info webgune berriak ere: edizio jarraitua, elkarrizketa digitalak, bideoen eta argazkien bildumak, blogak, norbanakoek eta gizarte eragileek informazioa bidali ahal izateko Zurea da Hitza atala, agenda bateratua, inkestak, eztabaidak, eta abar.

Gaurtik aurrera, gainera, herri informazioan aritzen diren bidelagun berrien laguntzarekin.

Erantzun

Sartu