Teknologia albisteak

Egile eskubideen gaineko mintegia eratu dute EIEk eta UEUk

Erabiltzailearen aurpegia
Hasier Rekondo - EIE
2008-02-22 : 09:02

Egile-eskubideen gaia pil-pilean dago, eta ugariak dira horri buruzko adierazpenak. Baina, horiek guztiak ulertzeko, behar-beharrezkoa da gutxieneko informazioa edukitzea. Hori dela-eta Euskal Idazleen Elkarteak egile-eskubideen gaineko mintegia antolatu du Udako Euskal Unibertsitatearekin elkarlanean; hilaren 29an izango da, ostiralarekin, 16:00etatik 20:00etara, UEUren Eibarreko egoitzan, Markeskoa Jauregian. Elena Laka abokatuak hitzaldia eskainiko du.

Elena Laka abokatuak idazlearen egile-eskubideen babesaren nondik norakoak azalduko ditu bertan. Besteak beste, legeak zer dioen argituko du, eta, horren arabera sortzen diren ohiko arazoak edo egiten diren akatsak izango ditu aiputan; egilearen ikuspegitik, betiere. Idazleen figura aipatzen bada ere, testu sortzaileak ez dira literaturakoak soilik; hori kontuan izanda, bestelako egoerak ere landuko dira mintegian.

Kontsultak Elena Lakarekin

Gainera, EIEko eta UEUko bazkideek aukera izango dute abokatuari kasu konkretuen gainean kontsultak egiteko. Otsailaren 27a izango dute galdeketa bidaltzeko azken eguna.

EIEko langileek Elkartean bertan jasoko dituzte bazkideen kontsultak, eta Elena Lakari helaraziko dizkiote, abokatuak bazkideen pribatutasuna eta konfidentzialtasuna gordez erantzun ditzan.

Egile-eskubideen inguruko mintegira joan edo ez, kontsultak egiteko aukera beren bazkide guztiei zabaldu nahi izan diete EIEk eta UEUk ekimen honen bitartez.

Bazkideek hilaren 27a dute azken eguna, alde batetik, mintegian izena emateko, eta, bestetik, abokatuari kontsultak egiteko.

Egile-eskubideen gaineko mintegirako matrikulazioa doakoa izango da EIEko eta UEUko bazkideentzat.

Erantzun

Sartu