Sareak berriro bat egin du Egunkariarekin
2008-02-21 12:02
Duela bost urte bezala, euskal internauten sarea ez da geldi egon. Orduan blog pertsonal bakanen bat egongo zen euskaraz, eta Sustatu, non mezu olde handia hasi zen itxierarekin. Atzo, blogosfera askoz osatuago batek erakutsi zuen elkartasuna Euskaldunon Egunkariaren kasuan auzipetuekin.
Atzorako, Egunkariaren Alde taldeak eskatu zuen irudi bat zabaltzeko nork bere webgune eta blogetan. Eragina izan du horrek, duda barik. Hona adibide batzuk:
- Sustatun prestatu genuen kodearekin, hainbat tokitan erakutsi diren sarbide-pantailak 20.000 pasatxo izan dira, eta klik ratioa %2.8koa izan da. Ez ahaztu orain atzo itsatsi zenuten kode-pusketak ezabatzen.
- Sarbide-pantaila jarri barik, irudia blog sarreretan itsatsi zutenak asko izan dira. Adibidez, Blogari.net komunitatean pilatutako hainbat mezu hemen.
- Batek baino gehiagok izan genuen ideia Flickr-era irudia igotzeko. Nire Flickr-eko sarbide orriak itxura hau zuen atzo goizean.
Atzera begira, berriz, bi kontu gogoratzeko:
- Sustatun izandako erreakzio andana. Ikus 2003ko otsailean, 54. mezutik aurrera mordoxka bat.
- Orduan sortu genuen banner batek egindako bidea.
Eskerrik asko denei. Segitu Egunkaria bultzatzen.
Erantzunak kargatzen...