Teknologia albisteak

Zinemastea Gasteizen

Erabiltzailearen aurpegia
Oihana Blanco - KREA
2008-02-14 : 09:02

Berrogeitik gora ikus-entzunezko proposamenek osatzen dute ZINEMASTEAko ekitaldi gazte eta parte-hartzaileena. Mende laurdena betetzear egonik, euskal zinema berrienari zuzendutako astea, zinemazaleen paradisua dena, inoiz baino gazteago aurkezten da KREA Expresión Contemporánearen eskutik, zeina Caja Vital Kutxaren Gizarte Ekintzak bultzatutako kultura garaikidearen inguruko proiektua den.

Zinemazaleen aste honen hogeita laugarren ekitaldiak, otsailaren 25etik martxoaren 1era arte ospatuko denak, apustu handia egin du zinegileen belaunaldi berrien eta haien begiratzeko modu berrien alde. Emanaldiak egiteko, eztabaidarako eta ikus-entzunezko sorkuntzarako astea da, eskaintza gaztea, eklektikoa eta kalitatezkoa duena.

Emanaldiei dagokienez, berrogei proposamen zinematografiko baino gehiago daude. Goya Sarietan sarituak izan berri diren hiru film proiektatzeaz gain, esaterako, Bajo las estrellas - Egokitutako gidoi onena eta Gizonezko aktore protagonista onena (Alberto San Juan) - Siete mesas de billar francés - Emakumezko aktore protagonista onena (Maribel Verdú) eta Errepartoko emakumezko aktore onena (Amparo Baró) edota Nocturna - Animaziozko filma onena -, ZINEMASTEA 2008 zikloak azaleratzen ari den eta azken urtean estreinatu den zine onenaren hautaketa interesgarria aurkezten du.

ZINEMASTEAk bi estreinaldi izango ditu inaugurazioan eta itxieran. Inaugurazioak Cosmos estreinatuko du, Diego Fandos-en lehen luzemetraia, ETAk bahitu zuen enpresaburu baten inguruko drama. Haren aurretik, Javi P3Z produktore eta konpositore donostiarraren kontzertua egongo da, zeina musika elektronikoaren eszenako pertsonaia garrantzitsuenetakoa izateaz gain, Cosmos pelikulako jatorrizko soinu-bandaren egilea baden.

Bestalde, Pedro Rivero-ren La crisis carnívora filmaren estreinaldiarekin itxiko da astea. Flash animazio bidez egindako lehendabiziko luzemetraia da, besteak beste, Enrique San Francisco, Pablo Carbonell, Pedro Reyes, Álex Angulo, eta José Coronado-ren ahotsak dituen komedia garratza.

Era berean, aski ezagunak diren laburmetraiak helduko dira Gasteizeko pantailetara ZINEMASTEAren eskutik. Horren adierazlea da Eduardo Chapero-Jackson-en Alumbramiento izenekoa, 2007ko Veneziako Zinemaldian Europako laburmetraia onenari Urrezko Lehoiaren saria jaso zuena eta Europako Zinema Sarietan laburmetraia onenaren saria eman ziotena.

Ekoizpen gazte eta abangoardistenak KIMUAK atalean erakutsiko dira, hots, Eusko Jaurlaritzak burututako 2007ko laburmetraia onenen hautaketaren atalean. Eusko Jaurlaritza ZINEMASTEA 2008ren laguntzailea da.

Parte-hartzea, eztabaida eta sorkuntza

ZINEMASTEA 2008 zinemarekin egiten den hitzordua da, publikoarengana ireki eta haren parte-hartzea bilatzen duena. Gauzak horrela, laburmetraien eta luzemetraien proiekzioen ostean, zuzendari eta aktoreek ikusleekin filmaketetako sekretuak partekatuko dituzte eta haien galderei erantzuteko prest egongo dira.

Ikusleei zinerik oraintsukoena hurbiltzeko asmo berarekin, Natxo Vigalondok protagonizatutako zinema-topaketa aurkeztuko da. 2004ko Oscar Sarietara proposatuta egon zen 7:35 de la mañana laburmetraiarengatik, eta Sundance Zinemaldiko azken ekitaldian egon den espainiar bakarra izan da Los Cronocrímenes delakoarekin. Zinema-topaketaren beste protagonista Koldo Serra da, Bosque de sombras pelikularen zuzendaria, zeina ZINEMASTEA 2008rako hautatua izan den. Topaketa Borja Crespok moderatuko du. Hiru zine-zuzendariek errealizadore gisa izaniko beren esperientzien berri emango diete bertaratuko direnei, eta beren aholkuak eta pelikula gogokoenak zein diren ere jakin ahal izango dute.

Era berean, publikoak berebiziko protagonismoa izango du. Emanaldien amaieretan proiektatutako pelikulak puntuatuko ditu, eta, horrela, ‘Publikoaren Saria Laburmetraia Onenari’ eta ‘Publikoaren Saria Luzemetraia Onenari’ izeneko golardoak herri-botazioz emango dira. Bata zein bestea martxoaren 1eko itxiera-ekitaldian emango dira

Publikoaren sariekin batera, ZINEMASTEA 2008 jaialdiak ‘Gutariko bat’ saria emango dio sektoreko edozein alorretan profesionala den zinemagile gasteiztar bati. Aurreko urteetan Unax Ugalde edota Txema Blasco aktoreek, Juanma Bajo Ulloa zuzendariak eta Bingen Mendizábal konpositoreak jaso dute sari hori. 2008koa martxoaren 1ean, larunbata, arratsaldeko 19:30ean ospatuko den itxiera-ekitaldian banatuko da.

Emanaldiez eta eztabaidaz gain, ikus-entzunezko sorkuntzak bere tokia izango du ZINEMASTEA 2008an. Hori ‘Ekoizpenari laguntzeko ZINEMASTEA beka’ izenekoaren bidez egingo da. Horren funtsa zera da: sarrerekin lortzen den dirua Mendizabala Institutuko ikus-entzunezko ikasleen ekoizpenetara zuzentzea. Era horretan, gure ingurunean egindako zinerik oraintsukoenari buruzko asteak ikus-entzunezko balore berrien alde apustu egiten du beren prestakuntzaren lehen urratsetatik.

Haurrak zinemara hurbil daitezen, ZINEMASTEA 2008 jaialdiak haurren atala indartuko du, eta egun bat gehiagoz luzatuko du pelikularik erakargarrienak eskaini ahal izateko. Aurten, neska-mutilek Egoitz Rodríguez-en Betizu eta urrezko zintzarria, Víctor Maldonado eta Adriá Gracía-ren Nocturna eta Pieter Kuijpers-en The horror bus filmekin gozatuko dute.

Sarreren salmenta

Non: KREA Expresión Contemporánea. Posta kalea 17. 01004 Vitoria-Gasteiz

Noiz: Otsailaren 18tik aurrera

Prezioa: 3 euro / 1 euro (Caja Vital Kutxaren txartelekin). 12 orduko doako emanaldia


Informazio gehiago: www.kreared.com

Erantzun

Sartu