Teknologia albisteak
1

Tabakalera: izena hala finkaturik, diseinu grafiko bila

Erabiltzailearen aurpegia
Tabakalera-Komunikazioa - Tabakalera
2008-02-12 : 13:02

Donostiako Kultura Garaikidearen Nazioarteko Zentroak iragarri du aurrerantzean proiektuaren izendapen ofiziala Tabakalera izango dela. Horixe izango da bere irudi korporatiboan erabiliko duen izena. Irudi hori diseinatzeko prozesua abian jarri da diseinatzaileei zuzendutako deialdiarekin.

Hainbat adituren laguntza jaso duen prozesu luzearen ostean, eta beste izen batzuk ere aintzat hartu eta gero, Zentroarentzat izendapenik egokiena Tabakalera dela ondorioztatu da. Eraikinaren izaera berezia dela eta, bere izena hiritarrek dagoeneko berenganatua dute. Gainera, eraikinaren memoria berreskuratzea eta fabrika izaerari eustea proiektuaren funtsezko helburuak dira.

Azken bi urteetan zehar, Tabakalerako lantaldeak, eraikinaren balioespena bultzatu du eta hiritarrei eskuragarri jartzeko lan egin du. Eraikinean antolatu diren jardueretan ere eraikinaren izena erabili izan da eta, beraz, aipatu izendapena modu naturalean onartu da.

Izena mantentzerako orduan Europako hainbat hiritako esperientziak ere kontuan izan dira. Horietako askotan, kultur zentro izateko eraberritu izan diren fabrikek jatorrizko izena mantendu dute, esate baterako, Amsterdamgo Westerngasfabrik, Gatesheadeko (Newcastle) Baltic, Madrilgo Matadero, edo baita Bilboko Euskaldunak ere. Azkenik, izena “k”-z idazteak euskarari lotutako berezko nortasuna ematen dio eta, bide batez, estatuan kultur zentro izateko bilakatzeko bidean dauden gainontzeko tabako fabriketatik bereizteko ere balio du.

Tabakalera izenarekin, otsailaren 12an diseinatzaileei zuzendutako deialdia zabalduko du KGNZ-k, horrela zentroaren irudi grafikoa diseinatzeko prozesua abian jarriko delarik. Lehen fase hau, nazio mailako zein nazioarteko diseinatzaileei zuzendua dago eta bertan aurrekari profesionalei buruzko dokumentazioa aurkeztea eskatuko zaie parte hartzaileei.

Deialdia martxoaren 3 arte egongo da zabalik (hori ere barne), eta epe hori amaitzean, sektoreko profesionalek eta KGNZ-ko kideek osatutako epaimahaia lehiaketa fasera pasako diren diseinatzaileen hautaketa egiteaz arduratuko da. Bigarren fase horretan parte hartzen dutenek zentroaren irudi korporatiboa definituko duen proiektua garatu beharko dute. Deialdia osorik otsailaren 12tik aurrera Tabakalerako web orrian.

Erantzunak

Sustatu
2008-02-12 : 13:53

Zorte ona opa diogu aukeratutako izenari. Sustatun ere artikulu bat izan zen, eztabaidarako balioko zuena akaso.


Erantzun

Sartu