90garren hamarkadan euskal musika eraberritu zuen 'dut' talde hondarribiarra, atzera bueltarik gabe banandu da. Hala zabaldu dute beraien myspace webgunean agertzen den ohar baten bitartez.
Honats taldearen komunikatua:
"Epilogo bat dabil haizean barrena: Dut 1993-2008. Esanak esan, bandera trapu bat da haizerik ez badabil. Haizean jartzen ditugun hitz hauen bitartez DUTeri dagokion zikloa itxi egin dugula jakinarazi nahi dugu. Unean uneko izan garelako eta izan nahi dugulako. Sortu eta hazi, hazia erein baikenuen, eta zuen arreta eta maitasunaren fruituak jaso. Orain, lugorrian uzten dugu ereindako loreen irla txikia, bertan hazi berriak ereingo ditugulakoan noizpait, hor nonbait. DUTetik at, atea zabalik uzten dugu berriz ere elkarrekin aritzeko, elkarrekin bidaiatzeko soinuaren bitartez, baina jada beste izen, deitura edo haize batekin. Iragarkietako irribarreetatik eskapoan ibili gera, ertzarik gabeko laukiengandik ihesean, inkisidoreen dantza ilunari argitasunarekin kontra eginez, ta lau disko uzten dizkizuegu opari: hamaika kanta haizeari aldarri, korapiloak askatuz! Aipamen berezia egin nahi diegu manex eta enekori, bidaiaren parte polit eta emankor bat gurekin egin dutelako, baita fermineri ere. Eraberean, aipamen berezia egin nahi diegu gure jarraitzaile amorratu eta ez hain amorratuei: gure haizea izan zaretelako. Esanak esan, esanak esanak daude. Gora dut ta dutarrak! 2008ko Lantz-ko mielotxinen kalejiraren garaian� Joseba, Galder, Xabi: DUT. "
Taldeak iraun dituen 15 urteetan 4 diska atera dituzte, denak, azken urteetako euskal musikaren nondik norakoak ulertzeko ezinbestekoak:
- Dut (1995)
- At (1996)
- Ireki ateak (Fermin Muguruzarekin 1998)
- Askatu korapiloa (2000)
Dut taldeko kideak aspaldidanik zebiltzan proiektu desberdinetan, Joseba eta Galder "Kuraia" taldean eta Xabi "Anari", "Zura" eta "DJ Ura"rekin besteak beste, baina bazen 'duteroen' artean taldea berriz ere elkarrekin ikusteko esperantza. Ez da posible izan.
Beste behin argi geratu da esperantza ez dela galtzen den azkena, maitasuna baizik.
GORA DUT TA DUTARRAK!
Pena da taldeak agur esatea, baina ziklo kontu bat da (ez gaitezen jarri nostalgiko ;-)).
Erreferentzia bat izan da 90. hamarkadan, baina XXI. mendean jarraitzen dute musika egiten. Adibidez, Xabi Strubell ostiralean, otsailaren 8an, Errenteriako Mikelazulon egongo da.
Aurrera bolie!