Sustatu logoa Teknologia albisteak

Robert Caparen negatibo galduen artean, Euskal Herrikoak

Negatiboak 1995. urtean aurkitu zituzten Mexikoko etxalde batean. Haien jabe edo zaintzaile zen familiak Caparen ondorengoekin negoziatu du, eta berriki New York hirira eraman dituzte 3.000 negatibo inguru. International Center of Photography (ICP) erakundera joan dira orain, eta horri buruzko erreportaia atera du The New York Times egunkariak.

Testuez gain, irudiak ere badakartza The New York Times-ek, flash aplikazio batean. Lehenbizikoan, negatiboen kutxetako bat ikusten ahal da, eta zoom eginez gero, bakoitzari dagozkion etiketak irakurtzen dira. Hemen dago hortik ateratako irudi bat. 14.ean Eibar, Elorrio eta Elgeta ageri dira, 4., 5. eta 6. Zornotza, Bilbo eta Bermeo beste batzuetan, pertsonaien artean Jose Aguirre (Jose Antonio Agirre lehendakaria izan daitekeela pentsa daiteke) eta Dolores Ibarruri Pasionaria eta gainera euskal eskolak, elizak, eta "kanpainako meza" bat (bi rollo oso).

Azken datu horrengatik pentsa daiteke Euskal Herriko fronteko hauek, Caparenak baizik, David Chim Seymour haren lankidearenak direla. Seymourrena da gerrako irudi ikoniko horietako bat, gudarien kapilaua soldaduei meza ematen ikurriñaren azpian (ez dugu aurkitu Interneten: inork laguntzerik bai?), ICPren beraren webgunean azaltzen den bezala, Seymourren gerrako argazkiak deskribatzean: (...) Basque soldiers enjoying moral support from monks at the Monastery of Amorabita (sic) and attending an outdoor mass before going into battle. Zornotza eta messe de campagne nahiko jarraian daude The New York Times-eko argazkian.

Euskal Herriko kontuez gain, Caparen argazki ezagunenaren kontua ere behingoz argitzea espero dute adituek. Miliziano eroriaren argazki famatua, bereziki. Benetakoa ala prestatutakoa ote den, oraindik ez ei dago argi.

Informazio gehiago euskaraz, Gara-n.

Uste dut egokia eta ederra litzatekeela ICP delakoak berriki Library of Congress amerikarrak egin duena errepikatuko balu: irudi sorta handi bat Flickr-era igo, denen artean etiketatu edo identifikatu ditzagun. Adibide horren ondoren, beste erakunde amerikar batzuek ere bide beretik jo dute, eta uste dut joera interesgarri bat dela argazkigintza eta historia maite dugunontzat.

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu