Teknologia albisteak

Instalatu Ubuntu euskaraz, aldamenean informatikaririk izan gabe

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2008-01-28 : 10:01

Ubuntu sistema eragilea euskaraz instalatzea gauza erraza bihurtu du WUBI programak. Windows-en gaineko instalatzaile arrunt baten gisa lan egiten du WUBIk. Benetan: aldamenean informatikaririk eduki barik, Ubuntu jar dezakezu zure PC-an euskaraz, era seguruan. Bestalde, bihar asteartea 29 Planet Ubuntu euskalduna sortzeko aburuz bilera deitu dute Leioan. Linux aldaerarik erabilterrazena da Ubuntu.

WUBI instalatzailea gainean programa arrunt bat instalatzen den bezalaxe dabil. Ahaztu partizioak eta gainerako gorabehera informatikoak, baita CDak edo abarrak eskuratzea. Segurtasun osoa duela diote egileek, eta euskaraz ere instalatzen ahal dela konprobatu dugu. Hori bai, Internetera konexio ona eta pazientzia beharko duzu, 700 Mb jaitsi behar baitira saretik instalazioa burutzeko (baina hori egiten duen bitartean, ordenagailua erabili daiteke).

Behin Ubuntu jarrita, ordenagailua pizteko orduan Windows edo Ubuntu aukeratu ahal izango dugu. Instalazioa oso gogoko ez baduzu, lasai, des-instalatu aukera ere baduzu, eta atzera egin ahal izango duzu. Hala ere, abiaduraz Ubuntu motel samarra da geratzen dena. Proba egiteko balio du bederen, eta agian horrek animatu dezake erabiltzailea instalazio aurreratuago bat egitera (horretarako, seguruenik, laguntza teknikoa beharrezkoa izan daiteke).

Planet Ubuntu

Bestalde, Ubuntu Basque Experience blogean argitaratu denez, bazkari-bilera deitu da biharko, Ubuntu Planeteko euskarazko atala sortzeko. Hilak 29, asteartea, eguerdiko 13.30etan Leioko jatetxe txinatarrean printzipioz (6-7 euroko menua, Leioako Kontserbatorioaren ondoan dago) , eta bazkalostean jarraian Leioako Berritzegunean, Lamiako auzoan.

Planet Ubuntu sistema eragile libre honen inguruan jarduten duten agregatzailea da. Hizkuntzen edo herrialdeen araberako kapituluak daude webgune nagusiari lotuak, eta horien artean kapitulu euskalduna sortzea da koxka.

Erantzun

Sartu