Teknologia albisteak
3

Txorionak! 20 urte okupatzen, 25 urte komunikatzen

Erabiltzailearen aurpegia
Gaizka Amondarain - Gasteizko Gaztetxea eta Hala Bedi irratia
2008-01-25 : 09:01

Urte berezia da aurtengoa Gasteizen. Bertako gaztetxeak eta Hala Bedi irrati libreak 20 eta 25 urte betetzen dituztelako hurrenez hurren. Aitzakia hau aprobetxatuz, urte osorako kanpaina aurkeztu berri da Txorionak! lelopean eta txorimaloa hartuta irudi nagusi moduan.

Hor izan dira beti, txikitatik kuriositatez begiratu izan ditugun panpina berezi horiek. Botoiz egindako begi parea, lastoz betetako sabela, nonbait aurkitutako kapela buruan dutela. Ideia sarez jantziak, ortuetako babesle izan dira betidanik gure txorimaloak. Pasako da negua, elurte izugarriak, haize bolada ikaragarriak eta hor jarraituko dute, zutik. Pasako da uda, lehorteak, euri zaparradak. Pasako da udazkena, eroriko dira hostoak eta txorimaloek tente jarraituko dute beren lekuan, udaberrirako gero eta gutxiago falta dela jakinda.

Egia da. Hala Bedi Arabako irrati libreak eta Gasteizko gaztetxeak asko dute txorimalotik. Lehena 1983ko abuztuaren 4 batez sortu zen hiri honetan bertan eta 25 urte beteko ditu aurten, komunikatzeko modu ezberdin baten alde lanean. Bigarrena 1988ko San Prudentzio bezperan emandako ostiko batekin jaio zen eta aurten beteko ditu bere 20 urteak, amets ezberdinen topaleku izan den gazteen etxeak. Biak ala biak proiektu askeak dira. Bide desberdinak egin badituzte ere, oinarri berdinetan sustraitzen diren alternatibak dira gasteiztarrontzat eta 2008an harrotasunez aldarrikatu nahi genituzke gure hirian hain beharrezko ditugun bi errealitate hauek.

Asanblada bidez egin dute aurrera biek. Eredu autoritario eta hierarkiakoetatik ihes eginez eta guztion parte-hartzea bermatuz. Urte luze hauetan burutu diren ekimen anitzek eta egunez egun egiten den lanak agerian uzten du asanbladaren eraginkortasuna. Irudimenari eta ilusioari esker, berauetatik pasatako belaunaldi ezberdinek beraien arrastoa utzi dute hiri honetan. Eta hori asanbladarekin batera, Autogestioari esker izan da. Autogestioa da bi proiektuen bereizgarri nagusia. Instituzioen diru laguntzen menpe egon beharrean, guk geuk sortu ditugu geure beharrak asetzeko tresnak, inork baldintzatu gabe. Halere, autogestioa modu zabalagoan ulertzen dugu . Lan egiteko modu bat da guretzat. Profesionaletara jo beharrean ondoan daukanarengandik ikasiz, akatsetatik hobetuz, proiektu bakoitza autogestiorako bidean pauso txiki bezala ulertuz.

Txorimaloak gara beraz, generazio berri bakoitzarekin biziberritzen diren txorimaloak. Hasierako izpiritu berbera mantentzen duten txorimaloak. Batzuek beldurra izan digute hasieratik. Berezia edo desberdina dena baliorik ez duen zerbaitekin parekatu nahi izan dute, aurreiritziak landatuz eta epai faltsuak eginez. Urteen poderioz ordea, txori bihurri andana gerturatu da guregana. Hain beldurgarriak ziren panpina haiek inor gutxi beldurtzen zuten behin hurbildutakoan. Kuriositatez beteta hasieran, mesfidantzaz zenbaitetan. Baina denborarekin, gero eta gehiago izan dira gure ondora jolastera etorri diren txoriak. Txori hauek denak, Gasteizko herri mugimendu osoa bezain anitzak izan dira, kolore eta ideia desberdinetakoak.

Hala Bedi irratia eta Gasteizko Gaztetxea herri mugimenduaren bozgorailu eta tresnatzat ulertzen ditugu ezinbestean. Herri mugimenduari esker diraugu bizirik. Txori horiek guztiek eman diote zentzua gure eguneroko lanari, beharrezkoa izan denean euren berotasun osoa eskainiz.

Badira ordea inguru hauetan bestelako pizti hegodunak, han goitik mehatxuka izan ditugunak betidanik. Diru eta botere usainera hurbiltzen diren beletzarrak, lumak lau urtero aldatzen badituzte ere, asmo ilun berberak mantentzen dituztenak. Azken urteetan gure auzoaren inguruan hegaka dabiltza, defendatzen dugun ortu txikiari diru usaina hartu diote antza. Guk bizia antzematen dugun kale berdinetan espekulazioa eta turistifikazioa landatu nahi dute, gutxi batzuentzat diru uzta ederra jasotzeko asmoz. Beletzar hauek, Lege berriak hegopean dakartzatela, garena izaten jarraitzeko eskubidea zalantzan jarri nahi dute. Baina ez dute lortuko!!

Aurten, 20 eta 25 urte betetzen ditugun urte honetan, asko dugu ospatzeko. Are gehiago aldarrikatzeko. Ortu umil honetan zutik mantendu gara urte hauetan guztietan zehar. Garena izateagatik, ez gehiago ezta gutxiago ere. Pasako dira alderdi desberdinak boteretik, etorriko dira inposaketak, iruzurrak. Pasako dira hauteskundeak, eraberritze planak, legediak… eta guk txorimalook, tente jarraituko dugu gauden lekuan. Garenari eutsiz. Gure baratza amets eta ilusioz beteko duten txori horien denen ondoan. Etorriko diren berriei leku eginez eta ondoan behar ez ditugunak uxatuz. Bizitzeko beste modu bat posible dela uste duten guztien baratza defendatuz!

Txorionak Gasteiz! Aurten entzungo gaituzte!!!

Urteurren horren jarraipena egingo duen interneteko ataria ere aurkeztu nahi genuke. Bertan, urteurrenari buruzko berriak aurkituko dituzue eguneratuta, egingo ditugun ekimenen berri emango da, argazkiak eta bideoak izango dituzue ikusgai eta gaztetxeari eta hala bediri buruzko informazioa aurkituko duzue. Gaurtik aurrera ikusgai izango duzue www.txorionak.org helbidean.

Horretaz gain, gainean ditugun inauterietan Hala Bedi eta Gaztetxearen artean antolatutako karrozan parte hartzera deitzen dugu mundu guztia. Otsailak 2an eta 3an izango da eta Gasteizko kaleetan zehar karrozarekin batera dantza eta barre batzuk egiteaz gain, gure mezua zabaltzeko aprobetxatuko nahi genuke. Beraz, badakizue, animatu eta aurten zertaz mozorrotu ez badakizue, jantzi txorimalos eta hartu parte gure karrozan. Gero, gainera, Gaztetxean inauteri jaia antolatuko dugu. Izango da zertaz gozatu.

Erantzunak

Sigi
2008-01-25 : 10:56

Beinte (i zinko) años tiene mi amor...



Ken Folletek sortu zuen hurakan mediatiko-ipurmiazkatzailearen aldean haize-ufadatxoa izango bada ere (ingurune batzuetan behintzat), Gasteizentzat krixtona izango da 2008a.



Territorio libreak eraikitzen ari garenok ez ditugu estatuarik eskatzen, eta ezta behar ere...



Aurten libertatea, poza eta osasuna! Gasteiza etortzen den edonor enteratu dadila...



TXORIONAK!

Sigi
2008-01-25 : 11:18

Barka aurreko super akats lotsagarria:



"ez DUGU estatuarik eskatzen", noski.

txorimaloa
2008-01-28 : 12:44

Beraz... ADI!!

Urte berezia izango da aurtengoa!!



Primizia asko esan gabe geratu dira. Adi egon beharko duzue, kontu mordoa egongo baita 08an Gasteizen.



Kuxkuxeatzeko:

www.txorionak.org

Erantzun

Sartu