Sustatu logoa Teknologia albisteak

"Mandatarien gerra", Joxi Basterretxearen nobela labur saritua

Maite Rey - Ondarroako Udala
2008-01-23 14:01

Basterretxeak jasoko ditu sariaren 5.000 euroak eta udaberrian kaleratuko du eleberria Elkar argitaletxeak. Hala erabaki zuten joan den ostiralean epaimahaia osatzen zuten hiru idazleek: Miren Agur Meabe, Kirmen Uribe eta Xabier Mendiguren Elizegik.

Mandatariaren gerra Espainiako gerra zibilean giroturiko espioitza-nobela bat da. Zehazki 1938an eta Pirinio Zentralean gertatzen dira ekintzak, mugaren alde batean zein bestean, interes politikoak, ekonomikoak eta are maitasun-istorioren bat ere tartekatzen den mataza interesgarrian. Kontatzeko erari dagokionez, berriz, gertaeretatik 20 urtera Mexikon argitaratutako erreportaje-sorta baten itxura eman dio idazleak, generoen arteko jolas moduan edo.

Jose Inazio Basterretxea Polo Galdakaon jaio zen 1959an eta Zaratamon bizi da gaur egun. Informazio-zientzietan doktorea eta kazetaritza-irakaslea da EHUn. Bere arlo akademikoko hainbat saiakeraz gain, fikziozko bi liburu kaleratu ditu orain arte: Falo zantarra (Jaone Barolo ezizenaz kaleratua 1988an) eta Marearen erraietan (2006).

Sariaren historia

2001 Alberto Ladron Arana, Xake Mate
2002 hutsik
2003 Fernando Morillo, Gloria Mundi; eta Iñaki Irasizabal, Burua txoriz beterik (ex-aequo)
2004 Julen Peñagarikano, Apologia
2005 Irati Jimenez, Bat, bi, Manchester
2006 hutsik
2007 Jose Inazio Basterretxea, Mandatariaren gerra

Erantzunak kargatzen...

Jarraitu gaitzazu