Xabier Silveiraren hurrengo eleberria, Behin At, atalka argitaratuko da, euskaraz, eta Interneten; bere webgune propioan (klikatu aurretik, adi ordenagailuko bozgorailuekin, bulegoan bazaude). Horrez gain, bloga ere ireki du, A las ocho en el bule liburuaren inguruan, kasu honetan. Jakina da bere lan horrek polemika piztu duela, gaztelaniaz idatzi zuelako; zehazkiago horrela egiteko eman zituen arrazoiengatik bereziki.
XabierSilveira.com klikatuta entzuten den musikak polemika hura gogora badakar ere, irakurle batek dioskunez, liburua baino lehenagokoa da musika, eta beraz, ez dago lotura zuzenik.
Koldo Izagirrek idatzitako artikulu batek piztu zuen polemika, Sustatun ere jaso genuen, eta beste hainbat tokitan ere segida izan du.
"Zer, orain ere ez al duzu bertze deus hoberik egiteko? Ez da seinale txarra! Ongi etorri komunera, webgunera, zuretzat egin genuen." Hala aurkezten du bere webgunea Xabier Silveira bertsolari nafarrak.
Gunea eraikitzen dago, eta atal asko gezurrezko probazko testuekin daude, lagunentzako orri hau, adibidez. Hala ere, denda badu, kamiseta eta posterrak salgai, eta eleberriaren parte hori ere lantzen hasi da.
Istorio hori hala azaltzen du Silveirak: "Behin At izenburupean joanen den atalkako eleberria bestalde, hamabost egunero atal bat gehituz kontatu nahi nizueken historio ero bat da, etorkizun ez hagitz urrun batean kokatutako Euskal-herriko bertsolarien txapelduna gidaritzat hatuz. Ea zer irteten den."
Webguneak grafismoa nahiko landua du, XS.10 logotipo eta guzti, baina guztiz estatikoa da oraingoz. Ez dauka blogik edo antzekorik, eta ondorioz, ezta RSS bidez jarraitzeko aukerarik. Kanpotik parte hartzeko edo idazteko moduaz hau dio Silveirak: "Nola ez, helbide elektroniko bat eskeiniko da mindu edo haserretutako inork erantzunik eman nahiko balit; hori bai, ez ditut irakurriko ezta ondorioz- erantzungo ere. Demokrata egin naiz." Hala ere, A Las Ocho en el Bule blogean utzi daitezke erantzunak.
xabiersilveira.com web orriko hasierako musika liburua argitaratu aurretik jarrita zeukan.Ez dauka polemikarekin zerikusirik.