Ezaguna da EGIN egunkariko eta ORAIN argitaratzaileko hainbat langile 18/98 epaiketan kondenatu egin dituztela kartzelan hainbat urte igarotzera. Bidegabekeria horren aurrean komunikabideetako hainbat lagun elkartu dira kondenagatik protesta egin eta kaltetuei elkartasuna adierazteko.
Oraingoz bi ekinbide jarri dira martxan:
1- Atxikimendua adierazi prestatu den agiriari. Zenbat eta atxikimendu gehiago bildu, orduan eta hobe. hau da helbidea atxikimendua bidaltzeko: orainegin@gmail.com
2- Ekitaldi publiko bat antolatu urtarrilaren 23an, eguerdiko 12:00etan, Donostiako Kolo Mitxelenan.
Hauxe da atxikimendua adierazteko egin duten agiria. Lagundu agiri hau zure komunikabide, fakultate, erakunde, unibertsitate (kazetaritzakoak bakarrik) eta zerbitzuko kazetari eta langileen artean banatzen. Zenbat eta sinadura gehiago bildu, orduan eta handiagoa izango da elkartasuna.
Animatu zure ingurukoak 23ko ekitaldira joaten.
Eskerrik asko.
Aurtengo uztailaren 15ean hamar urte beteko dira Egin egunkaria eta irratiak itxi zituztela. Hemen gaudenetako askok gogor salatu genuen orduan gertatutakoa, hedabide bat ixtea adierazpen askatasunaren aurkako eraso larria delako. 18/98ko epaiaren ostean, Orain S.A. Egin argitaratzen zuen enpresako ordezkariak, eta Egin egunkariko zuzendari eta zuzendariordeak atxilotu, eta dozenaka urteetako zigorra betetzeko kartzelatu dituzte. Orain S.A. enpresa ETA erakundeak erabat kontrolatzen eta zuzentzen zituela esan dute Auzitegi Nazionaleko epaileek, baina ez dute probarik agertu inputatuak ETAko kideak zirela erakusteko. Hala, duela hamar urte hasitako bidegabekeriarekin aurrera jarraitzea deliberatu dute berriro ere.
Komunikazioaren munduko eragile eta langileek ezin dugu isilik geratu oinarrizko eskubideen zanpaketaren aurrean.
Salatu nahi dugu, ozen salatu ere, Orain S.A.ko kide guztiei ezarritako zigor luzea. Horrekin batera, gaitzetsi nahi dugu, berriz ere, Egin Irratia eta Egin egunkaria itxi izana, zuzenbideko estatu batean hedabide bat ixtea guztiz salbuespeneko neurria izan beharko lukeelako. Norbanakoen balizko ardura penalak kasu honetan, gainera, ez dira frogatu ezin dira erabili hedabide oso bat itxi, eta bertako informatzaileak eta informazioaren hartzaileak alegia, gizarte osoa adierazpen askatasun eta eskubiderik gabe uzteko.
Gogoratu nahi dugu Eginekin batera beste hainbat hedabide ere itxi egin dituztela urte hauetan Ardi Beltza aldizkaria eta Euskaldunon Egunkaria kazeta, besteak beste eta komunikazioaren munduko beste hainbat lagun espetxera joan daitezkeela hurrengo hilabeteotan. Egin-eko kideekin gertatutakoa ikusita, txarrena espero dezakegu. Baliatu nahi dugu aukera hau kasu horietan inputatuta dauden guztiei gure elkartasuna adierazteko.
Elkartasuna azaldu nahi diegu ere espainiar estatuko espetxe ezberdinetan sakabanatuta dauden Orain S.A eta Egineko kideei, eta berehala askatzeko eta egindako bidegabekeria zuzentzen hasteko oinarriak jartzeko eskatzen dugu. Salatu nahi dugu sakabanaketa politika ezarri zaiela dagoeneko, eta haien senide eta lagunek ehunka kilometro egin beharko dituztela bisitan joan ahal izateko, horrek ekar dezakeen arrisku larriarekin.
Atxikimenduak: orainegin@gmail.com
Erantzun
Sartu