Sothebysen Leizarragaren Biblia erosi du Euskaltzaindiak
Plazaberri agerkarian eman du erosketaren berri Euskaltzaindiak.
Akademiak dioenez, "euskal testu klasiko guztiek beti izan dute berariazko interesa Euskaltzaindiarentzat eta ahal izan duen guztietan, ahaleginak egin izan ditu eta egiten ditu euskal testu klasikoen liburu esanguratsuak bereganatzeko."
Albistea bi iritzirekin hornitu du Euskaltzaindiak. Xabier Kintana euskaltzainarena bata eta Pruden Gartzia liburuzainarena. Gartziak emandako datuen arabera, erositako hau 12. ale ezaguna da. Detektaturiko dozena bat testamentu daude, beraz, nahiz eta prentsa albiste batzuetan 40 ba ote diren argitaratu den.
Leizarragaren biblia bat enkantean irten zen aurrekoan, 1995ean, Nafarroako CAN aurrezki kutxak erosi zuen 33 milioi pezetatan. Gaurko trukean (inflaziorik konputatu gabe) 198.795 euro lirateke hori.
Azaroko Sothebysko saioan, Leizarraga eroslerik gabe joan zen horretan, Federico Garcia Lorca poeta espainiarraren eskuizkribu bat irten zen enkantera, eta Espainiako Kultura Ministerioak erosi zuen 30.757 euro ordainduta.
Erantzunak kargatzen...