Teknologia albisteak

"Eskoriatza iruditan" proiektua

Erabiltzailearen aurpegia
M.C. Arrieta - Eskoriatzako Udala
2007-12-13 : 11:12

Eskoriatzako udalak "Eskoriatza iruditan" proiektua eta liburua aurkeztu ditu. Herrian ateratako 1000 argazki zahar baino gehiago biltzen dituen webgunea eta DVDa, eta bilduma horretatik aukeratutako 100 argazkirik ederrenak biltzen dituen liburua.

Eskoriatza iruditan proiektuaren historia 1989an hasi zen. Herriko argazki-taldeak haurren artean egindako lehiaketa bidez batu ziren lehenengo argazki zaharrak. Orduan, 500 bat argazki batu ziren baina dokumentatu eta katalogatu barik gelditu ziren argazkiok. Urte batzuk ondoren, 2004an hain zuzen, Eskoriatzako Udalak lan hori behar bezala egiteko ardura hartu zuen eta urtebeterako beka atera zuen. Argazki zahar gehiago lortu ziren eta dokumentatu egin ziren.

Webgunea, erakusketa eta jendearen erantzuna

Orain arteko lanaren emaitzak aurtengo sanpedroetan ikusi ahal izan dira, argazki guztien datu-basea interneten ikusgai jarri zenean eta aukeratutako 50 bat argazkirekin kultur etxean erakusketa jarri zenean.

Sanpedroetan izandako erakusketan, gainera, ikus-entzunezko bat ere jarri zen, Telesko herri telebistak egindakoa eta herritarrengan argazkiek izan zuten eragina ikaragarria izan zen. Jende asko gerturatu zen kultur etxera argazki gehiago ekartzera, hunkituta zeudela adieraztera, DVDaren kopiak eskatzera... eta abar. Erantzun hori ikusita, Udalak liburua ateratzeko ideia landu zuen.

Liburua

Liburuak 100 bat argazki jasotzen ditu eta bertan 1.000 pertsona inguru agertzen dira. Horietatik, 800 bat daude identifikatuta eta egileen esanetan identifikazioan eta dokumentatzean akatsak egon badaitezke ere, nahiago izan dute dagoena jendaurrera atera eta guztiek emandako informazioarekin osatuz joatea lana. Liburuak 8 atal desberdin ditu eta pertsonak aurkitzeko izenen aurkibidea ere badu.

Liburua Eskoriatzako ondorengo tokietan lortu ahal izango da datorren astetik aurrera: Dorleta liburudendan, Ibarraundi museoan eta estankoan.

Erantzun

Sartu