Eusko Jaurlaritza: ezetz, berriro ere, software libreari
Idoia Zenarruzabeitiak sinatutako Jaurlaritzaren dokumentu batek dio garestiagoa dela software librea erabiltzea, aukera propietarioak erabiltzea baino. Zifrarik batere eman gabe, sistemetako softwarea zein ofimatikakoa, dena zaku berean sartuta, ez duela merezi urratsik ematerik ondorioztatzen du Jaurlaritzak, nahiz eta Legebiltzarrak aho batez hori egiteko eskatu zion bere garaian.
Garestiagoa izateaz gain, ofimatikako tresnen kasuan, software librekoek gaitasun gutxiago dutela dio txostenak.
Cybereuskadi blogean argitaratu da gaur albistea, eta Meneamen erantzun mordoa eragin ditu jada. Gaztelaniazko PDF bat aurkitu dugu guk, ez euskarazko bertsiorik (ez dakigu ba ote dagoen), eta hemen kargatu dugu errazago ikuskatzeko (testu bertsioa ere bai bertan).
2003ko otsailean aho batez onartu zuen Eusko Legebiltzarrak Jaurlaritzari eskatzea Administrazioan software librea ezartzearen urratsak eman zitzan. Jaurlaritzak ez dio kasu egin eskaera horri. Talde parlamentario guztiek bat egin zuten eskaera harekin, bai PPk eta bai orduko ezker abertzalearen ordezkaritzak, Sozialista Abertzaleak taldeak.
Azken ukoa, Idoia Mendia PSE-EEko legebiltzarkideak egindako galdera bati erantzunez eman du Idoia Zenarruzabeitia lehendakariordeak.
Erantzunak kargatzen...