Teknologia albisteak

Elebilak hilabete

Erabiltzailearen aurpegia
Inaki Irazabalbeitia - Eleka Ingeniaritza Linguistikoa
2007-11-22 : 09:11

Duela hilabete pasatxo jarri genuen Elebila abian. Hainbat datu interesgarri eman dizkigu. Elebilak jendearen arreta ekarri du. 30.000 lagun desberdin baino gehiagok bisitatu du eta batez beste 12.000 orrialde baino gehiago ikusten dira eguneko.

Horrek esan nahi du, lehen hilabetean ia 400.000 orrialde ikusi direla. Bisitari guzti horietatik % 20 ia 25 bider baino gehiagotan sartu da Elebilan, hots, batez bestean kasik behin eguneko. Horiek ohizko erabiltzailetzat jo daitezke. Halaber, % 5ek pasa 100 bider baino gehiagotan jo du Elebilara eta pentsa liteke nabigatzailean orri nagusitzat dutela.

Nabigatzaileak aipatuta, bostetik lauk Explorer usatu dute, % 17ak Firefox eta % 1ek Safari. Sistema eragileetan Windows izan da nagusia (% 96,2), atzetik Mac (% 2) eta azkenik Linux (% 1,6). Nabigatzaileak 34 hizkuntza desberdinetan zuzendu zaizkio Elebilari eta gaztelania beste guztien gainetik nabarmen (% 79); euskaraz, % 17. Frantsesez, apenas, % 1a baino gutxiago. Bost kontinenteetako internautek jo dute Elebilara informazio bila; 55 estatutatik etorri dira. Afrikatik etorri dira urrienak.

Nondik etorri zaigu trafikoa? Galdera honen erantzuna oso interesgarria da, bereziki Elebilaren lantzamendu-kanpaina Interneteko banerren bidez egin denean. Zuzenean elebila.eu helbidera jo dute erabiltzaile gehienek: erdia pasatxo. Heren bat ohizko Internet bilatzaileen bidez etorri da eta % 12 Elebilaren erreferentzia egin duten hamaika gunetatik tartean banerra jarrita zutenetatik. Atzen atal honetan azpimarratzekoa da trafikoaren laurdena, gutxi gorabehera, gara.net web gunetik etorri zaigula eta nabarmentzekoa da erabili.com bigarren postuan agertzea. Trafiko handiko gune batzuk zein trafiko urria bideratu diguten deigarria gertatu zaigu, bestalde.

Erantzun

Sartu