Teknologia albisteak

Imanol Urbieta musikagilea, Abbadia sariduna

Erabiltzailearen aurpegia
GFA, Euskara Zuzendaritza Nagusia - Gipuzkoaeuskara.net
2007-11-15 : 13:11

Imanol Urbieta zarauztar musikagile eta irakasleak jasoko du 2007ko Anton Abbadia saria. (Gipuzkoako Foru Aldundiko Euskara Zuzendaritza Nagusiak argitaratu du albistea bere webgunean, eta hona ekarriko dugu hango creative commons lizentzia baliaturik.)

Sariaren berri ematerakoan, Maria Jesus Aranburu, Kultura eta Euskara Departamentuko foru diputatuak nabarmendu duenez, «Imanol Urbietak bere bizitza osoan egin duen lana, musika eta euskara uztarturik, bat dator Abbadia sariak jatorriz duen ikuspegiarekin. Imanol Urbietarentzat, musika ez da inoiz helburu izan, bitarteko baizik».

Epaimahaiak ere hala baloratu du, aho batez eman baitzuen bere proposamena Imanol Urbietaren alde. Epaimahaian izan dira, foru diputatuarekin eta Estibaliz Alkorta Euskarako zuzendariarekin batera, Iñaki Arruti (Lasarte-Oriako Udaleko euskara teknikaria), Arantxa Zugasti (Noticias de Gipuzkoa egunkariko zuzendariordea), Rosa Zufia (CICC edo Tabako Fabrikako komunikazio arduraduna), eta aurreko bi urteetako saridunak, Mikel Elorza (Armiarma.com) eta Juanba Berasategi zinemagile eta marrazkilaria.

Epaimahaiak saria Imanol Urbietari emateko arrazoien artean azpimarratzekoa da «berritzailea izan dela irakasteko moduetan. Haren ikasle izandakoek gogoan dituzte oraindik, esate baterako, bost kontinenteetako ibai eta mendiak, bakoitza bertako doinuekin egokitutako kantetan». Era berean, musikaren eta irakaskuntzaren esparruan egindako lan eskergaz gaindi, «euskararekiko eta euskal herriaren kultur izatearekiko konpromiso pertsonalaren alderdiak» aintzat hartu ditu saria Urbietari emateko proposamena egiterakoan.

Aurtengo Abbadia saria emateko ekitaldia azaroaren 30ean egingo da, urtero ospatzen den abenduaren 3ko Euskararen Nazioarteko Egunaren atariko gisara. Ekitaldia Gipuzkoako Foru Aldundiaren areto nagusian izango da, ilunabarreko 19:00etan.

Informazio gehiago:

Erantzun

Sartu