Teknologia albisteak

Georgiako literatura, EIEren eskutik, Durangoko Azokan

Erabiltzailearen aurpegia
Hasier Rekondo (EIE)
2007-11-14 : 09:11

EIEk gonbidatuta, Gerediaga Elkartearekin elkarlanean, abenduaren 7an eta 8an Georgiako hiru idazle izango dira Durangoko Azokan: David Turashvili, Nugzar Tsiklauri eta Tamar Ebralidze. Lehenengo egunean, Azoka bera eta Durango herria bisitatzeko tartea izango badute, abenduaren 8an Georgiako literaturgintzaz jardungo dute eguerdiko 12etarako antolatu den hitzaldi batean.

"Georgiako literatura aukeratu dugu Kaukasoko beste herrialde batzuekin alderatuz literatura aldetik aberatsena delako. VI. mendekoak dira lehen lanak. Honez gain, asko interesatzen zaigu literatura munduratzeko eta merkaturatzeko jarraitu duten prozesua ezagutu ahal izateko" aipatu du Fito Rodriguezek EIEko lehendakariak, Jon Irazabal Durangoko Azokako zuzendaria eta Tamara Gamilagdishvili Ertoba elkarteko presidenteordearekin batera eskainitako prentsaurrekoan.

Iaz hasitako bidetik, Gerediaga Elkarteak Euskal Idazleen Elkartearekin elkarlanean aurten ere gure mugetatik kanpoko idazleak gonbidatuko ditu Durangoko Azokara. Aurten Georgia da herrialde gonbidatua eta horretarako, Ertoba euskal georgiar elkartearen laguntza izan da.

Abenduaren 7an eta 8an Georgiako hiru idazle izango dira Durangon: David Turashvili, Nugzar Tsiklauri eta Tamar Ebralidze. Lehenengo egunean, Azoka bera eta Durango herria bisitatzeko tartea izango badute, abenduaren 8an Georgiako literaturgintzaz jardungo dute eguerdiko 12etarako antolatu den hitzaldi batean.

Georgia eta euren literatura

Georgia Europaren ekialdeko estatua da, Kaukasoko eskualdean Itsaso Beltzaren ertzean kokatua. Mugakide Errusia eta Turkia iparraldean, Armenia eta Azerbaijan hegoaldean. Hiriburua Tblisi da.

Haur eta gazte literatura da batez ere nagusi Georgiako literaturgintzan. Gero, datoz bidaiei buruzko liburuak, nobelak eta batez ere eskolarako testuliburuak. Georgiako Hezkuntza Ministerioak, esaterako, gazteei zuzendutako liburugintza sustatzeko lehiaketak ere antolatu izan ditu. Horietako baten garaile izan den Litera argitaletxeko ordezkariak izango dira aurten Durangoko Azokan.

Georgian azken urteetan sortu diran idazleen elkarte edo fundazioek ez dute gobernutik ezelango dirulaguntzarik jasotzen. Georgiako Idazleen Elkartea, sobietar sasoiko elkartearen ondorengoa da eta apurka prestigioa ezik kideak ere gutxitzen doaz. Gaur egun, herrialdeko bi banketxek argitaletxeei begira lehiaketak antolatzen dituzte eta tartean urteko liburua aukeratzen dute.

Georgian ere badute liburu azoka. Orain dela zortzi urtetik Tbilisiko liburu azoka egiten dute herrialdeko 60 argitaletxeren partaidetzarekin. Urtero ere, apirilaren 23an, Autore egileen eskubideen eguna eta liburuaren eguna ospatzen dute Tbilisiko Unibertsitatean.

Hiru idazle, hiru literatur ibilbide

David Turashvili.Idazlea eta antzerkigilea. 1966an jaio zen Tbilisin. Arte historian, literaturan eta zinemagintzan lizentziatua da Tbilisi, Londres eta Madrilgo unibertsitateetan.

Hamaika liburu idatzi ditu, nobelak eta gidoiak. Bere lehenengo liburua 1991. urtean argitaratu zuten. Bere lanak zazpi hizkuntzatara itzuli dira. Itzultzaile lanak ere egin ditu. Errusia, Espainia eta Ingelesezko literatura klasikoak itzuli ditu batez ere. Idazle lez egindako lanetik aparte, hainbat lan egin du historia eta literatura ikertzen.

Nugzar Tsiklauri. Kazetaria eta argitaratzailea. 1968an jaio zen Tbilisin. Filologian lizentziatua da eta gaur egun Tbilisiko Unibertsitateko argitalpen saileko zuzendaria. Litera argitaletxeko sortzaile eta zuzendaria ere bada. Kultur eta gizarte arloetako kazetari lanak ere egin ditu.

Tamar Ebralidze. Itzultzailea, kazetaria eta argitaratzailea. 1957. urtean jaio zen.

Filologoa da, eta literatura eta hizkuntza ingelesean espezializatu zen, Tbilisiko unibertsitatean. Gaur egun, Unibertsitateko argitalpen zerbitzuan zuzendari laguntzailea da. Litera argitaletxearen sortzaile eta zuzendari laguntzailea ere bada. Kazetari lanak Georgiako egunkari eta telebistan egin ditu. Literaturgintzan haurrentzako liburu sorta baten argitalpenak, 2002. urteko Tbilisiko azokan saria eskuratzeko balio izan zion.

Ertoba, euskal georgiar elkartea

Ertoba, euskaldunak eta georgiarrak batzeko elkartea izateko asmoarekin sortu zen eta 10 urte baino gehiago zeregin horretan dihardu, beti kultura arloa ardatz nagusi moduan hartuta. Elkarteko kiderik ezagunena Xabier Kintana euskaltzaina da. Berea da, hain zuzen, georgieratik euskarara itzulita dagoen liburu bakarraren egilea, Zubia-Alfaguara argitaletxearen Zaldun tigre larruduna. Xota Rustaveli Georgiako poeta nagusiaren poema ezagunena da eta Georgiako liburu nazionaltzat jo daitekeena. Jatorrian poesian idatzita badago ere, prosaz itzuli zuen Xabier Kintanak.

Euskarak eta euskaldunak Georgian beti izan dute parte hartze berezia. Esaterako, Georgiako Akademian, euskara atal bat izan zuen, Sobiet Batasunaren garaian. Baina, gero, arazo ekonomikoak zirela tarteko kendu egin zuten. Eta aurten, unibertsitatean euskara ikastaro bat antolatu dute.

Erantzun

Sartu