Teknologia albisteak
1

Aukeratutako hizkuntza erabiltzeko proposamena

Erabiltzailearen aurpegia
Joxemari Muxika Arrieta - Arrasate Euskaldun Dezagun
2007-11-14 : 11:11

Topaguneak hamar urte betetzen dituela eta AEDko kide bezala artikulua eskatu zidatenean, honakoa galdetu nion nire buruari, zer esan nezake nik? Zeren bila gabiltza AEDn ia 25 urte hauetan? Gure jardunaren gogoeta eta etorkizunerako proposamen bat jarri nahi dut mahai gainean.

Aukera berdintasuna

Aukera berdintasuna

Ez orduan eta ez orain euskal hiztunok ez daukagu euskaraz mintzatzeko aukera berdintasunik. Ezin gara euskaldunok euskaraz “paristarrak frantsesez bezala bizi”.

Inoiz ez dugu izan arazorik beste kulturetakoekin, beste hizkuntza bat erabiltzen dutenek beti izan dute gure artean lekua. Baina, euskaraz hitz egin nahi dugunean, askotan ez zaigu ematen lekurik. Horrexek arduraturik ekin genion Arrasate Euskaldun Dezagun - AEDn lanean eta horrexek arduratzen gaitu oraindik ere.

Ez gaude orain 25 urte bezala noski, era askotako aurrerapenak egin ditugu, baina paristarrak frantsesez dituzten aukerak ba al ditugu guk euskaraz? Ez horixe. Beraz aukera berdintasuna garatzen jarraitu behar dugu.

Solaskideari ulertu

Kontua ez da solaskideak ulertuko digun hizkuntzan euskarriak jartzea. Mintzakidearen hizkuntzan dokumentuak jarri eta itzultzaileak erabiliaz arazoa bigundu daiteke eta honen kostu ekonomikoa ordainduz gero egina legoke. Arazoa ahozko komunikazioan gertatzen da, euskara ulertzen ez duen solaskideak berak ulertzen duen hizkuntza erabiltzea behartzen gaituenean. Jarrera honek pertsona batzuen eskubideak zapaltzea dakarrelako kostu sozial handia du: berdintasunerako eskubidea, askatasunerako eskubidea eta duintasunez tratatua eta errespetatua izateko eskubidea.

Gizalegeak eta bizikidetzak eskatzen du koste soziala gainditzea eta giza-harremanak modu orekatuan bizitzea ahalbidetzea. Honela galtzeko zorian dagoen kultura bati biziberritzeko aukera emanez eta kultur dibertsitatea sendotuz.

Euskalduna errespetatu

Gure artean euskaraz hitz egiten dugun arren, hainbat solaskideri bere hizkuntzan ulertzeko gai gara, hori baita gure eleanitza izateko modua. Eta hori eskatzen da solaskidearen eskubidea errespetatzeak, bizikidetzak eskatzen duena. Hori da guretzat pertsonak hizkuntzaren erabilpena askatasunean garatzeko modua, bakoitzak bere hizkuntza egin ahal izatea. Horrek garamatza pertsonen arteko bizikidetzarako oinarria den berdintasunera. Hori da pertsonen arteko benetako parekotasuna gauzatzeko modua. Denok gara kategoria berdineko hiztunak, ez dago zertan jarri batzuk besteen gainetik, ez du izan behar azpiratutako hiztunik. Inork ez du erantzun txarrik jaso behar norberak erabaki duen hizkuntza egiteagatik, edonon dela ere.

Gu euskaldunak gara eta euskara da gure hizkuntza. Badakigu frantsesa, gaztelania, ingelesa edo beste hizkuntzaren bat, noski: eleanitzak gara. Baina non-nahi bizi garelarik ere, euskaldunok elkar euskaraz ulertzen dugu, gure hizkuntza euskara da eta euskaldun izatetik egiten diogu ekarpena Europako kulturei.

Horrela begitantzen dugu etorkizuna, euskararen eremu osoan eta gizarte esparru guztietan parte diren hizkuntza guztien erabilera parekoa izatea, euskararena eta espainierarena Arrasateko kasuan, bietako bat bera ere baztertu gabe. AEDkoek sorreratik, 1983tik, jarri zuten jomuga “paristarrak Parisen frantsesez bezala arrasatearrak Arrasaten euskaraz bizi ahal izatea”.

Euskaraz jakiteko eskubidea eta betebeharra Adierazi dugun moduko jokaerak printzipio bat du oinarrian: “euskal hiritarrek euskara eta espainiera edo frantsesa jakiteko eskubidea eta betebeharra eta erabiltzeko eskubidea dute”. Komunitate bereko partaideen bizikidetza erosoak printzipio hau gauzatzea eskatzen du eta horretan lana egitea da euskararen aldeko mugimenduak proposatzen duena. Bakoitzak bere erreferentziak maitatzen segi dezake, ez dago alde batera utzi beharrik. Bizikidetza baketsua egin ahal izateko, solaskidearekiko errespetua da proposatzen dena eta horretarako gutxienekoa batak bestearen hizkuntza ulertzea da.

Komunitateko partaide guztiek euskara jakitea planteatzean euskal hiztunok eta biztanle guztiok aukera berdintasuna izatea dugu helburu. Ez da onargarria lagunarte bizitzarako hizkuntza hegemonikorik. Bereizkeriarik gabe kokatzen den harreman modua ezartzea da gakoa. Bakoitzak bere hizkuntzan mintzatzeko eskubidea gauzatuko duen komunitatea osatu nahi dugu. Horretarako guztiek bere solaskideak erabili nahi duen hizkuntzan ulertzeko gai izan behar dute. Horrela atseginagoa izango da komunitateko partaide guztien arteko elkarbizitza. Horretan ari da euskararen aldeko mugimendua, bereziki Euskara Elkarteetan bildua: bizikidetza baketsu eta atseginean, euskal hiritar guztion artean Euskal Herria osatzen. Printzipio hau edozein komunitateko hiztunen arteko harremanetan aplikagarria da.

Jabetzen naiz ikuspegi hau gogorra egingo zaiola bati baino gehiagori baina hiztunekiko begiruneak eta bizikidetzak jokaera hau hartzera garamatza. Guzti honetaz eztabaidatzeko abagunea azaroaren 23an izango da, Topaguneak bere 10. urteurrenaren ospakizunerako antolatu duen jardunaldian.

Erantzunak

jotairri
2007-11-16 : 13:18

Zeharo ados joxemari! Euskalgintzak lehentasunak berpentsatu/berkokatu behar dituelakoan nago.

Ondo izan

Erantzun

Sartu