Teknologia albisteak
2

'Hitza' berrietan, Internet eta papera elkar-eragile

Erabiltzailearen aurpegia
HITZA - HITZA
2007-11-09 : 09:11

Herenegun argitaratu zen Urola Kostako HITZA berrituaren lehen zenbakia, eta datozen egunotan azal berriarekin plazaratuko dira gainerako sei hitzak ere: Tolosaldekoa eta Leitzaldekoa, Goierrikoa, Oarsoaldekoa, Irutxulokoa, Lea-Artibai eta Mutrikukoa, eta Busturialdekoa. Interneteko edukiak eta papereko edizioa elkar-eragileak bilakatzea da aldaketaren asmoa, herritarrak eta gizarte eragileak informazio igorle bihurtuz.

Jakina denez, gaur egun teknologia berriek, eta batez ere Internetek, edozein herritar informazio iturri izatea ahalbidetu dute. Erabiltzaileek bidalitako argazkiak, sarean zintzilikatutako bideoak eta blogetan idatzitakoak eta kontatutakoak osagai garrantzitsua dira gaur egungo kazetaritzan. Horregatik, Hitzek mami berria behar zutela erabaki dute. Herritarrek, gizarte eragileek eta zerbait kontatzeko gogoa eta asmoa dutenek horretarako aukera izango duten zerbait:

Horiek guztiak oinarritzat izango dituzten webgune berriak prestatu dituzte horretarako.

Webgune berrietan, herri bakoitzak bere ataria izango du, URL-en egituratik hasita: Getaria.hitza.info adibidez

Lehendik martxan dauden herrietako atariekin (Uztarria, adibidez) zuzeneko lotura izango dute Hitzen webgune berriek, eta informazioa batetik bestera ibiliko da; alegia, beste herrietan ez bezala, azpeitia.hitza.info helbidearen ordez, uztarria.com izango da urola-kostakohitza.info-ren Azpeitiko orria, gauza bera Zumaiako baleike.com-ekin. Indarrak batzea delako bidea.

Webgune horietan argitaratzen dena egunero papereko edizioan islatuko da gero, webgunetik datorrela nabarmentzen duen diseinuarekin. Elkar-eragileak izango dira biak, papera eta Internet, eta erronka horri erantzun beharko diote kazetariek. Lana egiteko modua, beraz, aldatu egingo da erredakzioetan, gaur egungo kazetaritzara egokitu ahal izateko.

Mami berriak, gainera, azal berria ere behar zuelakoan, diseinua ere eguneratu egin du Hitzak. Erakargarriagoa, garbiagoa eta txukunagoa egiten ahalegindu dira diseinu arduradunak, kazetaritza berriaren erronkei erantzunez.

Gaur egun, zazpi Hitzen artean, egunero, 50.000 ale inguru banatzen dira guztira harpidedunen artean.

Erantzunak

Sustatu
2007-11-09 : 10:05

Aldaketa inportanteak, eta itxura oneko emaitzak, zorionak.


Goierriko Hitza ere prest dago formatu berrian gaur. Blog gutxiago du honek, baina bakar horretan, Goierritarra Aldizkariak bere edukiak kaleratuko dituela iragartzen du.


asier
2007-11-09 : 10:42

Zorionak, Hitza!



Egitura zein itxura aldetik sekulako aurrerapausua eman duzue.



Ibilbide berrian, animo!

Erantzun

Sartu