Karkara kultur elkarteak karkara.com webgunea aurkeztu du. "Orioko eta Aiako orainkaria" bataiatu du Karkara taldeak bere webgune berria, helburu nagusia bi herrietan gertatzen dena momentuan bertan ezagutaraztea baita.
Karkara.com webgunearen atal nagusia albisteena da; baina, horretaz gain, baditu beste batzuk ere, herritarrei parte hartzeko aukera ematen dietenak: blogak, argazki galeriak, agenda, zorion-agurrak bidaltzeko aukera eta abar.
Herritarren ekarpenak jasotzeko hainbat bide eskaintzen ditu atariak eta, besteak beste, albiste guztiak komenta daitezke, informazioa osatzeko edota iritzia emateko. Webguneak aukera ematen du bertako edukiak hainbat modutara jasotzeko: RSS jarioak, e-posta bidezko harpidetza...
Paperezko edizioa ere badu Karkarak, eta hamabostero kaleratzen den aldizkaria ere webgunean bertan kontsultatu ahal izango da PDF formatuan.
Karkara.com egiteko software libreko plataforma bat erabili da, Plone, eta Eibarko Codesyntax enpresak egin du.
Orain dela 10-15 urte herri komunikabiden inguruan sortu zen mugimendua sarera zabaldu da azken urteotan, eta gutxika-gutxika hainbat tokitan agertu dira herriko informazioa euskaraz ematen duten hedabideak, besteak beste, Elgoibarren, Uribe kostan, Azpeitian, Durangaldean, Debagoienean, eta abar.
Oraingoan ere, beste webgune euskaldun bat: karkara.com, Orioko eta Aiako orainkaria.
Erantzun
Sartu