Teknologia albisteak

Mintzapraktika.org martxan

Erabiltzailearen aurpegia
Mintzapraktika saila - Topagunea Euskara Elkarteen Federazioa
2007-10-16 : 18:10

Topaguneak, AEK-k , Eusko Jaurlaritzak eta Bizkaiko Foru Aldundiak mintzapraktika egitasmo bateratuak aurkeztu dituzte Bilbon. Mintzapraktika egitasmoen zabalkundea elkarlanean egiteaz gain, aurrerantzean mintzapraktika taldeentzako erreferente eta plataforma bilakatu nahi duen webgunea ere aurkeztu dute.

Lau eragileak bat etorri dira mintzapraktika egitasmoek euskararen erabileran eragiteko duten garrantzia azpimarratzean. Era berean, euskararen sustapen lanetan elkarlanean jardutearen garrantzia ere nabarmendu dute.

Mintzapraktika egitasmoak 40 herritan daude martxan jadanik, eta guztira 2.000 lagun inguru biltzen dituze. Horien guztien erreferente eta egitasmo berrien laguntzaile ere izateko asmoz sortu den mintzapraktika.org webgunea ere aurkeztu dute. Honako hauek dira bere eduki nagusiak:

-Mintzapraktika: mintzapraktika bera zer den, mintzapraktika taldeetan parte hartzeko zer egin behar den, historia apur bat...

-e-Mintzapraktika: mintzapraktika birtualari eskainitako atala da. Txat gela eta foroak izateaz gain, Skype bidezko mintzapraktika taldeak eratzeko asmoa dago bertatik, herrian mintzalagun talderik aurkitzen ez duenak internet bidez ere aukera izan dezan. Gainera, herretako taldeek antolatzen dituzten ekitaldien argazkiak eta bideoak ere bertan aurkitu ahal izango dira, hurrengo ekitaldien agendarekin batera.

-Harremanak: antolatzaileekin, herrietako taldeekin, Skype bidezko mintzapraktika saioetan parte hartzeko fitxa...

-Blogak: mintzapraktika taldeetako askok blogak egin dituzten euren jardunaren berri emateko; bada, horien berri emateaz gain, blog berriak sortzeko aukera ere eskainiko die webgune berriak mintzapraktika taldeei.

-Zer berri atalak mintzapraktika mugimenduaren inguruko albisteak jasoko ditu eta, azkenik, dokumentuak atalean egitasmoak antolatzen ari direnentzako baliagarri suerta daitezkeen materialak bilduko dira.

Gunea proba fasean dago oraindik, baina izango denaren ideia argia egin daiteke jadanik dagoenari begiratu bat emanda.

Erantzun

Sartu

Publizitatea

Jarraitu sustatu.eus

E-postaz, mezuz mezu:

E-postaz, eguneko buletina:

  • rss ikonoa

»» Aukera gehiago