Bertizaranako Udalak salaketa jarri du epaitegietan blog baten kontra. Udal pleno batean onartu zen salaketa jartzea.
Andres Etxenike alkateak prentsan esan duenez, salaketa jarri dute ez adierazpen askatasunaren kontra daudelako, baizik eta Interneteko foro horretan gezurrak eta irainak esaten direlako, anonimotasunean ezkutatuta. Herrikideen arteko harremanak ere gaiztotzen ari omen dira web honen erruz, alkatearen iritziz.
Bertizarana Bai da salaketa jaso duen bloga. Googleren Blogspot plataforman sortua dago, eta azpiegitura blogarena duen arren, foro desantolatu bat da, beste ezer baino gehiago. Erantzun kate luze bat dago, eta horretan erantzunak utziz parte hartu daiteke. Ez besterik.
Foro horretako iruzkinen artean, Oieregi auzoan egin nahi den garapen urbanistiko baten auzia agertzen da. Badirudi hori dela hautsak harrotu dituen kontua, baina azalpen argirik ez dago han. Mezu gehienak gaztelaniaz dira, baina badaude batzuk euskaraz, eta partaideren batzuk kexu dira mezu zaharrago batzuk ezabatu egin dituela moderatzaile batek.
Bertizarana Bai da, bestalde, azken udal hauteskundeetan Bertizaranako Udalera aurkeztu zen zerrendetako bat. Bloga izen berekoa izanda, ematen du taldearena izan daitekeela, baina gauza hauek ziurtatzea zaila da.
Hauteskundeak irabazi zituena beste zerrenda bat izan zen, Bertizaranako Elkartaldea, gaur egungo alkatearen taldea. Elkartaldeak 4 zinegotzi ditu, Bertizarana Baik 2, eta EAE-ANVk 1. Bere garaian Nafarroa Bai koalizioak ukatu egin zuen loturarik duenik Bertizarana Bai taldearekin, izenaren antzekotasuna gora-behera.
Argitze aldera,
blog hori Bertizarana Bai izenarekin udal hauteskundeetara aurkeztutako taldearena berarena da, eurek publikoki eta blogean bertan argitu duten moduan.