Teknologia albisteak

ZeBehar, mikro-blogintza zerbitzu berria

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-10-09 : 15:10

ZeBehar Euskal Herrian sortutako web proiektu berria da. Twitter, Jaiku edo 20Palabras bezalako microblogging proiektuen antzera, labur labur adierazi ze behar duzun, eta ea inork laguntzen dizun. Nazioarteko bokazioarekin jaio da, ingelesez, baina gaztelaniaz eta euskaraz ere ikusiko dugu.

Microblogging kontzeptuaren inguruan ideia eta zerbitzuak gorpuzten ari dira han-hemenka: horien jaritik dator ZeBehar. Adieraz ezazu 160 karakteretan (SMSaren luzera: ZeBehar ez dago gaur mugikorrarekin lotua, baina egon liteke etorkizunean, agian) premia jakin bat, eman toki eta data bat, eta sailka ezazu tag edo etiketekin, hitz gakoekin.

ZeBehar Oinutsik faktoriaren lehen emaitza da, Ana Malagonen sorkuntza. Ana Malagon webgintzako factotum bat da, diseinua, arkitektura, pentsamendua, eta orain programazioa ere bai, RubyOnRails-ekin sortu baitu ZeBehar.

Oinutsik Ana Malagonen bizitza paraleloaren emaitza da. ZeBehar lehen ekimen honetan, Aitor Garciaren laguntza izan du.

Beste ekimen batzuk ere sor daitezke. Hain zuzen ere, Malagonek aldarri txiki bat egin zen joan den astean (Sustatun aipaturiko eztabaida honen harira) Pravda Txikia bere blogean: Niri gustatuko litzaidakeena zera da: klonak egiteari utzi eta euskaldunok gauza berriak sortzea eta internazionalizatzea. Badakit zaila dela, baina ez dakizue zenbat poztuko nindukeen... Honekin ez dut esan nahi klonen kontra nagoenik. Baina zer irudituko litzaizueke hauek garatzen erabiltzen dugun denbora eta hosting-a zerbait berria, erabilgarria eta polita sortzen erabiliko bagenu?

Erantzun

Sartu