Urrian hasten den VI. Zernola Olinpiadan, gaztetxoak, internauta aurreratuenen pare. Elhuyar Fundazioak seigarren edizioa antolatuko du aurten, eta parte-hartzaileek beren bloga izango dute hileroko probak zintzilikatzeko
Elhuyar Fundazioak www.zernola.net atariaren bitartez martxan jarri du VI. Zernola Olinpiada. Zientziaren eta teknologiaren inguruko olinpiada da hori, eta Euskal Herriko DBHko 1. eta 2. mailako ikasgelei dago zuzenduta. Hilero, parte hartzen duten gelek proba bat gainditu beharko dute, betiere zientziaren eta teknologiaren ingurukoa. Baina beste urteetan ez bezala, gela bakoitzak www.zernola.net atarian bertan sortuko duen blogean zintzilikatu beharko ditu bere proben emaitzak. Gaur egungo Interneteko erabiltzaile aurreratuenen pare jarri nahi ditu, beraz, Elhuyarrek VI. Olinpiadako parte-hartzaileak, Web 2.0-aren ideiari jarraiki. Horrek erraztu egingo die bai beren probak eta lanak ezagutzera ematea, baita beste taldeekin harremanak izatea ere.
Hilero, proba hoberena egin duen ikasgelak sari bat jasoko du, eta olinpiadaren amaieran puntu gehien jaso duten bi ikasgelek bi eguneko txangoa irabaziko dute. Hirugarren postuan sailkatzen den ikasgela egun-pasako txangoa izango du. Izena emateko, www.zernola.net web gunera jo behar dute parte-hartzaileek.
Bestalde, www.zernola.net atariak, olinpiadaren inguruko nobedadeez gain, beste berrikuntza batzuk aurkeztuko ditu aurten. Lapikoa izeneko sail berri bat izango du, eta, han, zientziaren eta teknologiaren inguruko bitxikeriak, esperimentuak, artikuluak eta abar aurkituko ditu erabiltzaileak. Gainera, astero-astero zientziaren eta teknologiaren inguruko berri bat argitaratuko da.
Olinpiadako babesleak Honako babesle hauek emango dituzte hileroko proba hoberenarentzako sariak: Donostiako Aquariuma, Berria, Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Saila, Kukuxumusu , Zientziaren Kutxagunea, Gaztezulo, Senda Viva parkea, Karpin Abentura parkea, Mendukiloko Koba eta Iruñeako Planetariuma. Sailkapen nagusian lehenengo bi postuak lortzen dituztenek bi eguneko txangoa izango dute Zuatzako uhartera eta Plentziara, Arabako Foru Aldundia eta Bizkaiko Foru Aldundiari esker. Hirugarren sailkatuek Sobrongo abentura-parkean egingo dute egun-pasa, Sobron Abentura taldeari esker. Joan-etorriak Aizpurua Autobusak enpresaren eskutik egingo dituzte irabazleek.
Erantzun
Sartu