Teknologia albisteak

Mahai-ingurua eta umorezko ikuskizuna itzulpengintzaz

Erabiltzailearen aurpegia
Mila Garmendia - EIZIE
2007-09-28 : 12:09

Itzulpengintzak gure gizartean duen garrantziaz ohartarazteko xedez, Itzulpena egunerokoan - Eguneroko itzulpena mahai-ingurua eta umorezko ikuskizuna antolatu dute ItzulBaitak eta EIZIEk. Ekitaldia Irungo Musika Eskolan izango da, urriaren 3an, 19:00etan. Bezperan, urriaren 2an, ItzulBaita jendaurrean aurkezteko prentsaurrekoa egingo da, Irunen.

ItzulBaitaren aurkezpena

ItzulBaitaren aurkezpena

EIZIEk 20 urte bete dituen honetan, eta irailaren 30ean ospatuko den itzulpengintzaren munduko egunaren abaroan, Elkartean garatzen ari den ItzulBaita (Euskal itzulpengintzaren Erreferentzia Zentroa) proiektua jendaurrera aurkezteko prentsaurrekoa antolatu dute ItzulBaita eta EIZIEk, horretarako laguntza eman duen Irungo Udalarekin batera. Prentsaurrekoa Irungo Udaletxeko Areto Nagusian izango da, 2007ko urriaren 2an, 12:00etan, eta ItzulBaitaren ezaugarri eta proiektuen berri emango da bertan.

Mahai-ingurua eta umorezko ikuskizuna

Proiektu horietako bat Itzulpena egunerokoan - Eguneroko itzulpena (Edonondik, zernahi, zeure hizkuntzan) mahai-ingurua eta umore ikuskizuna da. Jendarte zabalari zuzenduriko ekitaldi honen bitartez, itzulpengintzak gure gizartean duen etengabeko presentzia eta garrantzia agerrarazi nahi dugu, itzultzaileon jardun profesionalaz haratagoko zenbait esperientziaren berri emanez. Horrekin batera, gure lanbidearen ikuspegi umorezkoa agertzen lagunduko digute Wazemank telebista saioko hiru gidoilari eta hiru aktorek, Mikel Sarriegik zuzenduriko ikuskizunean.

Ekitaldia urriaren 3an izango da, 19:00etan, Irungo Musika Eskolan, eta hurrengo hauek izango dira mahai-inguruko partaideak: Jon Larrea (Fagor Arrasateko Estanpazioko salmenta arduraduna), Agustin Unzurrunzaga (SOS Arrazakeriako Salaketa eta Informazio Bulegoko arduraduna), Katixa Garate (Ikasle garaian ERASMUS programan ibilitako kazetaria) eta Joseba Ossa (Bakun itzulpen enpresako arduraduna). Moderatzaile: Bego Montorio (ItzulBaitako arduraduna).

Erantzun

Sartu