Teknologia albisteak
1

Bada euskal komunitaterik Interneten?

Erabiltzailearen aurpegia
Sustatu
2007-09-26 : 13:09

"Existitzen da euskal komunitaterik Interneten? Komunitatea da ala kuadrillatxoa? Eta ikusgarri gara beste batzuen aurrean?" Galdera horiek eta antzeko hainbat kaleratu dira azken egunotan euskal blogosferan. Joxe Rojasen hitz batzuen haritik tiraka, galdera, erantzun eta mezu-truke interesgarriak sortu dira egunotan hainbat blog eta webgunetan.

Patxi Gaztelumendik elkarrizketa egin zion Joxe Rojasi joan zen astean, eta izenburu hau aukeratu zuen: "Ez dakit euskarazkoa komunitatea edo kuadrilatxoa den". Besteak beste, hauxe zioen Joxek: "...beste batzuetan ez bezala, oraingoan trena garaiz hartu dugula euskaldunok. Baina ez dakit dagoena komunitatea edo koadrilatxoa den. Esan nahi dut: azkenean beti ikusten ditut izen berberak gauza hauekin lotutako kontuetan, eta izen berriren bat agertzen den momentuan, betiko beste izen horiek aztoratu egiten dira/gara, koadrilan egon eta ezezagunen bat sua eskatzen datorrenean bezala".

Rojasek gaztelaniazko bere blogean ere aipatu du gai hori eta dozena bat erantzun jaso. Joxe Aranzabalek ere aipatu du kontu bera Faroan eta joan zen igandeko irrati-saioan; baita Gaztelumendik ere: "...badirudi baietz, bagarela, badugula, badihardugula...". Eta Zabaldun ere oso mezu-truke interesgarria izan da egunotan.

Hausnarketarik sakon eta teknikoena, beharbada, Arkaitz Multimediak egin du. Alde batetik, euskal komunitatearen ikusgarritasuna makinen aurrean lortu behar dugula esaten digu Google, Technorati, eta abar; ez horrenbeste erdal komunitatearen aurrean. Bestalde, komunitatearen definizioa ematen digu: "Webgune sorta bezala identifikatu eta interes komunak dituzten eduki-sortzaileen taldea". Gorago aipatutako tresnak erabiliz (Google), Interneteko euskal komunitatea existitzen dela ondorioztatzen du.

Eta zer uste duzu zuk? Bada Interneteko euskal komunitaterik? Artikulu-sorta hau bera ez da nahikoa bagarala, existitzen garela esateko?

Erantzunak

Gari
2007-09-26 : 15:19

Tamaina kontua ote da komunitatea edo koadrilatxoaren arteko desberdintasuna? Koadrilatxoa bagara ere, hori ez da komunitate bat?



Niri berdin zait. Koadrilatxoa edo komunitatea, bagabiltza. "Ladran, luego cabalgamos"

Erantzun

Sartu